Han gertatutakoa misterioa da

Kondairak eta pasadizo misteriotsuak aspaldiko kontuak dirudite baina, gaur egun ere, gertatzen da halakorik. Iparraldeko herriska batean 800 urteko ganderailu bat desagertu eta hiru urtera, Herriko Etxe aurrean agertu da ohar bitxi batekin.

Zer ote dio oharrak? Zer dago gertaera honen atzean? Misterioa...

Zalantza guztiak edo gehienak argitzeko, bideoa ikusi. 

 

 

 

 

Irudia: Eitb

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Ganderailua. Kandelak jartzeko beso bat baino gehiagoko tresna.
Bitxi bezain adierazgaitza. Bitxia dela eta horrez gain azalpenak emateko zaila. 
Ebatsi zaukuten. Lapurtu, ohostu ziguten. 
Herriko etxearen aitzinerat. Udaletxearen aurrekaldera. Nora? Aitzinerat, Mendiberat... 
Artzain-laborari batek. Artzain eta nekazal lanetan aritzen den pertsona batek.
Borta hori erautsirik. Ate hori puskatuta, hautsita.
Eskaileretarik goitik. Eskaileren goikaldetik. Goiti eta beheiti: gora eta behera.
Zernahi gisaz. Edozein modura, nolanahi.
Ezin zuela egiten ahal. Ezin zuela egin.
Baziren biga berdin hiru. Bi izan zitezkeen edo agian hiru.   

Transcripción:[+] Transcripción:[-]
Aurkezlea. Eskerrik asko, Aurkene. Eta Ipar Euskal Herrian 180 biztanle-inguru dituen Mendibe herriskan gertakari benetan bitxia izan dute. 2018aren bukaeran bertako baseliza batean zeukaten 800 urteko ganderailu bat desagertu egin zen. Bueno ba, orain, 3 urte eta erdi geroago, Herriko Etxe parean azaldu da, ohar batekin. Zer jartzen duen eta nork idatzi duen oharra? Hemen, erantzuna.  
Off ahotsa. Mendibeko Herriko Etxean gordeta dagoen ganderailu honek istorio bitxi bezain adierazkaitza gordetzen du.  
Sébastien Ihidoy, Mendibeko auzapeza (alkatea). Duela hiru urte eta erdi, beraz, ebatsi zaukuten (ziguten) ganderailua, eta horra, ganderailua ekarri daukute (digute) Herriko Etxearen aitzinerat. Hori da misterioa.  
Irati Errandonea kazetaria. Ganderailua hementxe azaldu da, Herriko Etxe parean. Baina herritik 11 kilometrora dagoen Iratiko Salbatore kapera honetatik ebatsi zuten.  
Sébastien Ihidoy. Artzain-laborari batek ikusi zuen borta hori erauzirik, hautsirik. Eskaileretarik goitik, beraz, horrek erran nahi du zernahi gisaz gizon batek ez zuela egiten ahal. Baziren biga, berdin hiru.  
Off ahotsa. Lortutakoaren azalpena arduradunaren nortasunean egon liteke, ohar bat utzi baitu ganderailuarekin batera.  
Sébastien Ihidoy. 800 urte behar izan ditut Salbatoreko kaperatik ateratzeko, bainan azkenean lortu dut ganderailua Mendiberat ekartzea. Orain zuena da, Mendibeko herriarena. Basanderea.  
Off ahotsa. Gaur gaurkoz, gertatutakoaren atzean nor dagoen ez dakite. Baina Mendiben gauza bat argi dute, istorio honek kondaira berri bat hasteko osagai guztiak dituela.      
C1
13-06-2022
29529827
00:01:48
618