Aurrezki kutxaren komisioak

Aurrezki kutxen komisio kobraketa bat dela eta, aholku eskea. Legelariak galdera argitzen du; horretarako, hainbat lege eta jurisprudentzia azaltzen ditu.

Gertatu zena
1979az geroztik aurrezki kutxa bateko hainbat libretaren titular naiz eta nire nomina ere helbideratuta daukat harrezkero. 1991ko irailetik hilero kopuru txiki batzuk kobratzen hasi zitzaizkidan, gutxienez 200 pezeta eta gehienez 500 pezeta, libretako apunte kopuruaren arabera. Guztira 17.460 pezeta kobratu dizkidate. Orain, utzi egin diote kontzeptu hori kobratzeari. Legezkoa al zen? Ordaindutako kopuruak itzultzea eska dezaket?

Nola jokatu
Espainiako Bankuak aukera ematen die banketxe eta aurrezki kutxei kontuen mantentzeagatik komisioa kobratzeko, baina beti kontzeptua edo zenbatekoa kontratuan jasotzen bada eta interesatuei kobratze moduaren berri ematen bazaie, bezeroak baldintzak gardentasun osoz ezagutu ditzan. Kasu honetan, zerbitzua doan eskaini zen 12 urtez eta, beraz, baliteke jatorrizko kontratuan komisio horiek jasota ez egotea.

Bestalde, badirudi aurrezki kutxak ez zuela jakinarazi egun jakin batetik aurrera komisioak kobratzen hasteko asmoa zuenik. Horregatik, ez da behar bezala bete banketxeko jardueran argitasun eta gardentasunez jokatzeko betebeharra eta horrek eskubide ematen dio bezeroari erreklamazioa egiteko. Estatu mailako hainbat epaik baliogabe jotzen dute komisioa kobratzeko baimena ematen duen kontratuko klausula, hain zuzen ere mantentze lanengatik komisioa kobratzea 1933ko Aurrezki Kutxen Estatutuaren aurkakoa dela argudiatuz.

Hala ere, epai horiek errekurritu egin dira. Kasu honetan, eta erreklamazioaren zenbatekoa, epaitegietan demanda aurkezteko zailtasunak eta atzetik errekurtsoak etorriko direla kontuan izanik, banketxearen bulegoko zuzendariarengana joan eta bidegabe kobratu diren kopuruak erreklamatzea izango da biderik egokiena. Espero den emaitza lortzen ez bada, Espainiako Bankuaren Erreklamazio Zerbitzura jotzea izango da beste aukera bat.

Horretarako, idatzi batean jaso beharko dituzu entitate salatuaren izena, sukurtsala, zein gairi buruzko iritzia eskatzen duzun eta Bezeroaren Defendatzailearen aurrean erreklamazioa zein egunetan aurkeztu zen. Erreklamazioa entitateari jakinarazten zaio, alegazioak egiteko eta defentsa-gabezia gerta ez dadin.

Kasua aztertu ondoren, txostena egiten da, banketxeetako arauak eta praktika eta erabilera egokiak urratu dituen erabakitzeko. Espainiako Bankuaren Erreklamazio

Zerbitzuaren ustez, kontuen administrazio eta mantentze lanengatiko komisioak eskainitako zerbitzu baten truke ematen diren legezko kontraprestazioak dira; baina Bankuak dio komisio horiek kontratuan hitzarturik ez baldin badaude, ez dela zuzena bezeroari aurrez jakinarazi gabe kobratzea, bezeroak kontratuarekin jarraitu ala ez erabakitzeko aukera izan behar baitu.



C1
18-12-2000
16435284
1774