Zuhaitzeko jainkoa

HABE aldizkariaren 67. alean eman zen argitara ipuin hau, 1985ean. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Milaka urte asko igaro dira hau gertatu zenetik; Benares-en gertatu zen, erresumako errege zen Brahmadattak zera esan zuenean:

- Indiako leku guztietan daude beren jauregietan zutabe ugari daukaten erregeak. Boteretsuena haizen honek zutabe bakar batek eutsitako jauregi bat eraikiaraziko banu, zer esango ote lukete? Bere langileak deitu zituen eta handiera eskergako jauregi bat eraiki zezaten agindu zien, baina zutabe bakarrekoa.

-Honelaxe egingo da -esan zuten haiek.

Eta arin abiatu ziren, oihanean barneratuz. Bertan, zuhaitz garai eta artez bat idoro zuten, erregeren etxerako zutabe bakarra izateko aproposa eta duina. Baina errepidea txarregia zen halakoxe enbor eskergarik hiriraino garraiatzeko eta jauregira itzuli ziren erregeari jakinarazteko.

- Nolanahi dela ere, burutu beharko duzue burutu, eta gainera, lehenbailehen- erantzun zien erregeak.

Langileek ezina zela lana burutzea azaldu zioten erregeari. Orduan erregeak, bere asmoa zertzeko hain tematia zegoelarik, bere lorategian bilatzeko agindu zien. Langileak abiatu ziren eta berehala aurkitu zuten zuhaitz bikain bat. Zuhaitz hau antzina-antzinakoa zen eta hiriko zenbait jendek, hala nola errege-sendiak, gurgarri zeukaten. Jauregira ziren eta erregeari esan, baina beronek azkar moztu zezaten agindu zien.

Jakina denez, zuhaitz guztiek daukate jainko bat beren barruan bizi izaten eta, beraz, mundu guztiak bere eskaintzak egin behar dizkio zuhaitzari moztu baino lehen, jainkoa zer gertatzen den kontura dadin eta egoitza berria bila dezan. Langileek bidezko eskaintzak egin zituzten, loreak eta intsentsua erreaz, eta zuhaitz sakratua izanik, kolorezko kriseiluak piztu zizkioten haren barnean bizi zen jainkoa baretzeko, zera ziotsatela:

- Gaurgero zazpigarren egunean zuhaitz hau moztuko dugu, erregeak aginduta. Zuhaitz bikain honetan bizi dadin edozein jainko joan dadin eskatzen dugu, ezer gerta ez dakion.

Zuhaitzean bizi zen jainkoak entzun zuen eta honelaxe pentsatu zuen:

«Erregearen langileek gaurgero zazpigarren egunean ni mozteko erabakia hartuta daukate. Idatzita dago jada jainkoek babesteko eman zidaten bizitoki hau moztu dezatenean ni hilko naizela. Gainera, txarrena da nire gerizapean hazten diren zuhaitz gazte guztiak neure erorialdian amilduko ditudala, eta honela nire inguruan bizi diren jainko txikiago guztiak hilko ditut. Nire heriotzak ez nau arduratzen; askozaz gehiago nire sendikoen patuak atsekabetzen nau».

Hau zela medio, erregea ikustera joatea deliberatu zuen. Arratsa zen jainkoa ontasunez dirdiratsu errege-jauregira abiatu zenean. Erregea, hura ikustean, izutu egin zen, eta itaundu zion:

- Nor zara izar batek adina dirdiratzen duzun hori?

Zuhaitzeko jainkoak erantzun zion:

- Zure jabegoan Zoriontasunaren Zuhaitza deitzen didate. Hirurogeita hamar mila urtetan zehar gizaki eta sendi guztiek gurtu naute. Etxe eta jauregi anitz eraiki zuten, baina ni ez naute sekula ere ukitu. Gur nazazu zuk ere, errege, zure arbasoek egin zuten legez.

Erregeak bera zela bere jauregia eraikitzeko zuhaitz egokia erantzun zion, jarraian zera esanez:

- Betiraunean goretsia izango zara nire jauregi barnean ikus zaitzaten bakoitzean.

Zuhaitzeko jainkoak orduan, betilun, esan zion:
- Honelaxe izango bada, mesede bat eskatu nahi dizut: lehenik goialdea moztea; bigarrenik erdialdea eta, azkenez, erroak.

Erregeak, zuhaitzeko jainkoa zelako hiltamua jasateko prest zegoen harriturik, galdetu zion zergatik nozitu behar zuen hiru aldiz batean hobeto egin zitekeenean. Zuhaitzeko jainkoak arrazoia azaldu zion, bere inguruan jaiotako zuhaitzak deuseztatu egingo zituela bera zen luze guztian eroriz gero, eta era honetan jainko asko salbatuko litzatekeela. Erregek, zuhaitz bihotzandikoaren arrazoiek hunkiturik, zera erantzun zion:

- O, bihotz handiko zuhaitza, salbazioa merezi duzu zeureengatik honela arduratzen zarelako.

Eta bizitzeko baimena eman zion, zuhaitza beste hainbeste mila urtetan bizi izan zelarik.


HIZTEGI LAGUNGARRIA
AMILDU.- Lurrera bota.
ANITZ.- Asko.
ARBASOEK.- Antepasados.
ARTEZ.- Zuzena.
ASMOA ZERTU.- Realizar el plan.
BETIRAUNEAN.- Eternamente, por siempre.
BOTERETSUENA.- El más poderoso/La más poderosa.
BURUTU.- Egin.
DELIBERATU.- Pentsatu, erabaki.
DEUSEZTATU.- Puskatu, suntsitu.
DUIN.- Digno/a, capaz.
EGOITZA.- Bizitokia, egonlekua.
ERAIKIARAZI.- Hacer construir.
ERREGE-SENDIA.- Erregearen familia.
ERREPIDE.- Kaminoa.
ERRESUMA.- Reino.
ERROAK.- Sustraiak.
ESKAINTZA.- Ofrenda.
GARAl.- Alto/a.
HANDIERA ESKERGA.- Gran tamaño.
HILTAMU.- Agonía.
HUNKITURIK.- Conmovido/a.
IDORO.- Aurkitu.
ITAUNDU.- Galdetu.
JARRAIAN.- Segidan, ondoren.
JAUREGI.- Palacio.
KRISEILU.- Candil.
NIRE GERIZAPEAN.- Debajo de mi sombra.
NOZITU.- Sufritu.
OIHANEAN BARNERATU.- Meterse en el bosque.
PATU.- Destino.
ZIOTSATELA.- Esaten ziotela.
ZUTABE.- Columna.
 

C1
25-04-1985
16173532
2054