Neskatila eta aterkia

HABE aldizkariaren 60. alean eman zen argitara ipuin hau, 1985ean. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Hau amodiozko istorio bat da. Besterik ez. Neskatila eta aterki baten artekoa hain zuzen. Amodiozko istorio handi eta ezkutuei gerta ohi zaien bezala, jendearen oharkabean pasa zena.

Badakigu, jakin, kalean elkar ezagutu zutela, datarik gabeko zorioneko gau batetan. Aterkia handia eta beltza zen. Kirtenik gabekoa. Gorabehera handiko bizitza baten ondoren, bere azken egunak zaborretan amaitzera behartua. Neskatila bizitza serioski hartzen duten haur horietako bat zen. Begi zorrotzak, hankak arinak, esku trebeak. Trapu-saltzaile batentzat egiten zuen lan. Gauero zabor-poltsetan miatzen zuen. Asko ikusia eta ikasia zenez gero, berehala bereizi eta jaso egiten zituen balioko gauzak: koltxoi zaharrak, aulki herrenak, trasteak, egunkari eta paperak, poteak, kartoiak eta abar luze bat. Gero hura guztia furgoneta baten barruan zain zegokion trapu- saltzaileari eramaten zion. Ez zitzaion beretzat ezer gordetzerik gustatzen. Zaborretako aurkikuntzek ez zuten neskatila hura tentatzen, nahiz eta maiz trapu-saltzaileak oinetako pare bat, kartoizko zaldi hondatu bat edo beste zerbait eskaini. Berarentzat eginkizun hura lanbide bat zen, trapu-saltzailearen familiarekin bizitzea justifikatzen zuena.

Izan ere, amodiozko bideak igarri ezinak dira... Neskatila aterki beltz zaharrari begira geratu zitzaion. Aterkiak barne-barneko zirrara izan zuen, bandera zabal bat bihurtzea desiratuz. Inork ez du jakingo zerk bultzatu zuen neskatila aterki hura bere besapean gordetzera. Zergatik aterki-hondakin hark bihotza ukitu eta mindu zion. Neskatilak beretzat hartu zuen aterki kirtengabea. Berarentzat izango zen, bere-berea izango zen lehenengo gauza.

Amodioa. Elkarrekiko amodio paregabea sortu zen. Elkarrekin zihoazen leku guztietara eta zoriontsu sentitzen ziren. Maiz eguzki lotsatia itsasertzean nola ezkutatzen zen ikustera joaten ziren. Neskatilak aterkia zabaltzen zuen, bere itzalean amultsuki eseriz. Edertasunaren bizipenak elkartzen zituen biak. Neskatilak ezin zuen aterkiarengandik urrundu. Lanerako besapean gordetzen zuen, eta oheratzerakoan ohe azpian etzaten zuen samurki.

Amodiozko istorio handi guztietan bezalaxe, etsai bat atera zitzaien amorante inbidiagarriei: HAIZEA. Haize setatsu, petral eta gaiztoa. Neskatilarekin sartzen hasi zen, gonak altxatu, ileak harrotu, begiak itsutu... Aterkiak ahalgabeki jasaten zituen haizearen probokazioak. Holakoetan, etsaiarekin neurtu nahiz, neskatila babesten saiatzen zen. Baina, gehienetan, jaurtikia izaten zen kolpe ziur batez. Une triste horietan, oihal eta burdin zirriborro irrigarri bat sentitzen zen gizagaixoa. Neskatilak, emeki-emeki, aterkia jaso, antolatu eta kontsolatu egiten zuen: "Lasai! Ez iezaiozu kasurik egin! Pasako zaio!..." murmurikatzen zion kale arteko babes bila zihoazen bitartean. Aterkiak bandera izatea zuen amets.

Hala ere, egun batean ezinbestekoa gertatu zen. Amodiozko istorio guztietan gerta ohi den bezala...

Itsasoari begira zeuden lasai asko. Aterki eta aterkiduna elkartzen dituen armonia horretan murgildurik. Orduantxe gertatu zen. Kolpe maltzur, indartsu batez, itsasora jaurtikia izan zen aterki kirten-motza, neskatilaren begi ikaratuen aurrean.

Bitan zatitu balute bezala, garrasi luze bat bota zuen haurrak. Alferrik izan ziren bere kexu eta malkoak. Aterkiak arrain beltz arraro baten itxura zuen itsas gainean kulunkan. Itota. Bere aterki izatea betirako galdua. Itsasoak, inuzenteki, dramaz konturatu gabe, kostatik urrundu zuen, neskatilaren malkoez ohartu gabe.

HIZTEGI LAGUNGARRIA


AMORANTE.- Amante.
AMULTSUKI.- Goxo-goxo.
ATERKI-HONDAKIN.- Resto de paraguas.
AURKIKUNTZA.- Hallazgo.
BERE-BEREA.-.Oso berea, guztiz berea.
BEREIZI.- Separar, elegir.
BIZIPEN.- Vivencia, sensación.
HERREN.- Cojo/a.
IGARRI EZINAK.- Ezin antzeman zaienak.
JASAN.- Sufrir, aguantar.
JAURTIKI.- Bota.
JENDEAREN OHARKABEAN.- Jendea konturatu gabe.
KEXU.- Arrangura. Queja.
KULUNKAN.- Balanceándose.
LANBIDE.- Ogibidea, bizibidea.
MAIZ.- Sarritan.
MURMURIKATU.- Susurrar.
TRAPU-SALTZAILE.- Vendedor/a de trapos.
ZABOR- POLTSETAN MIATU.- Registrar las bolsas de basura.
ZABOR.- Basura.
ZIRRARA.- Sastada. Impresión.
 

B2
24-02-1985
16171474
2513