Pasaia blues
Pasaian eta Euskal Herriko beste hainbat toki urbanotan girotzen da nobela beltz hau. Euskal gatazkan dago kokatua. Baina erne: fikzioa nagusitzen zaio errealismoari, nolabait esatearren: ez da saiakera.
Ertzaintzak sator bat du ETAn, eta beldur da ez ote den satorra salatari bihurtu, aspaldi haren berririk ez eta. Cesar Telleria ertzainak, fisionomista trebeak, bakartiak, du Alargun Beltza satorra aurkitzeko ardura, baina ez daki ondo non sartzen ari den. Edo agian bai, munduan barrena zaildutakoa baita Telleria. Langile-auzo latzak, boxeo-lehia ez oso zilegiak, txakur-borrokaldi gordinak… Testu-inguru horretan sartzen du irakurlea Canok. Kapituluetako izenburuak ere ez dira oso lasaigarriak, nahiz eta Mikel Laboaren kanta bat ekarri gogora: Zain, Zoi, Bele, Arma, Tiro… Blues. Eta gero bada beste gatazka bat ere, ia pertsonaia guztiek beren buruarekin dutena, eta gatazka hori ere ez da mauka! Inork ez dirudi dirudiena.
Egilea: Harkaitz Cano
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 1998