Jean Paul Tillac, irudi-harrapatzailea

Aurten 125 urte bete dira Jean Paul Tillac marrazkilaria jaio zela. Akitaniakoa sortzez, 39 urte zituen Kanbora iritsi zenean. Bizitza-erdia eman zuen Kanbon, baina Bilbon ere bizi izan zen, Donostian, Madrilen, Toledon, Elchen, AEBetan, Kuban, Parisen. Euskal bizitza tradizionalari buruzko 5.000 marrazki inguru egin zituen, baina Espainiako Gerra zibila eta naziak Ipar Euskal Herrian ere jaso zituen bere marrazkietan. Horrez gain, 86 liburu, 20 argitaratu gabeak, ere ilustratu zituen. Kanbon bertan hil zen 89 urte zituela.

Jean Paul Tillacen aitak latina irakasten zuen eta greziera, eta amaren familiak paper-fabrika zuen Palluard herrian. Hogei urte zituenean Parisen bizi zen semea, arte-ikasle. Badira garai horretako 13 marrazki, Kanboko Txikito pilotaria eta beste batzuk, zerbait bitxia dutenak. Orri berean marrazten ditu pilotariak zutik, baina buruz behera ere bai. Ehunka marrazki egin zituen pilotariei buruz. Atsegin zuen beste gai bat kalean zebilen jendea zen: tabernetako gau-giroa, azokak, kaleak berak. beti ere herri xehea marraztea zuen atsegin. Pariseko sasoikoak dira baita ere Landareen Baratzeko aberetegiko animalia andana. 26 urterekin Ameriketara joan eta Nueva York-eko 'Station Collège' ikastegian marrazkia irakatsi zuen. Orduko marrazkiak sinatzerakoan ingelesez egin zuen. Hori du bere ezaugarrietako bat: marrazkien izenburuak jartzeko orduan une horretan bizi den herriko hizkuntza erabiltzen duela. Euskaraz, Tillac -ek egina jartzen du, eta badu koadro bat Tillak sinatua. Baina, Amerikan gutxi marraztu zuen, tartean J.O. Curwooden bi liburu: 'Otso ehiztariak' eta 'Urre ehiztariak'. 1912an Madrilen da. Eta berriro ere herri xehea du jomuga. Gehienez ere 9X12 cm-ko formatuan marraztua: aulki batean eseritako norbait, eliza inguruan dauden xaharrak, saltokietako jendea, eskaleak, ikatz-saltzaileak, ijitoak. Urte horretan bertan eta hurrengoan Bilbon dugu, eta ez dio erreparatzen industriari, baizik azokei.

1913an Toledon; Grekoren herrian, 'Posada de la Sangre donde Cervantes escribió su ilustre Fregona' marraztuko du. Toledokoak baita ere, 'Torre de San Lorenzo', 'Calle del Carmen', 'Calle del Horno de los bizcochos'. Garai honek Tillac-en iberiar garaia osatzen du, eta garai horretakoak dira baita ere Madrileko eta Cordobako 21 emakume-erretratu eder. 1914a gerra-urtea da, baina bularreriak jota frentetik urrunago igorri zuten, eta gero etxera. Ordukoak ditu ipar-afrikar itxurako 200-300 marrazki soldaduei buruzkoak. Arte musulmana ez da giza irudiak egin zalea, eta behin soldadu magrebiarrek jo egin nahi izan zuten Tillac haien aurpegiak marrazten ari zelako. Marrazkietan posturak, aurpegiak interesatzen zaizkio, ez militar jantziak. Gerra aipatzen dugula, esan bai Espainiako Gerra zibila eta nazien okupazioa (100 marrazki) ere irudikatu zituela. Marrazkiotan gerrari dion herra atzeman daiteke. Kanbon baserri-giroarekin egingo du topo. Eta euskal ikertzaileak irakurtzen hasiko da, Aranzadi adibidez. Merkatuz merkatu zebilen eta pilotalekuz pilotaleku. Marrazkien %50 Kanbo, Hazparne, Mendiondo, Heleta, Urkoi eta Luhuso herriak eta hango giroa irudikatzeko egiten ditu.

 
Tillac eta Arrue

Tillac-ek ezagutzen zuen Ramiro Arrue pintorea. Eta hala dio Arruez eskutitz batean: 'Marrazki-huts izigarriak egiten ditu, barkatzen ez ditudanak. Euskaldunak, frantsesak bereziki, bi sexoetakoak zangoz laburrak dira. Bere ekoizpen askotan akats hori handitzen du'. Jatorriak kezkatzen zuen, euskaldunen jatorriak, baina baita abarkenak ere, edo pottokak nondik zetozen, edo mokasinak. Dokumentu asko bildu zituen bere ikerketetan. Ez zuen bakarrik literatura ikertzen, irudiak ere bai, grabatuak eta.

 
Liburuen ilustratzaile

Bere bizitzan erakusketa gutxi egin zituen, eta ez zen margoak saldu zalea. Liburuak ilustratu bazituen ere maisu-lanik onenak argitaragabeak dira. Lehen liburua Vicente Blasco Ibañezen nobela, frantsesera itzulia, ' Arénes sanglantes'. Jack London-en nobela bat ere ilustratu zuen, edo P. Lotiren Ramuntcho ezaguna, edo Bernardo Estornes Lasaren Zabalkundea bildumarentzako Historia de la monja alférez, Narraciones baskas, El bardo de Itzaltzu . besteak beste. Tillac-i buruzko erakusketarik mardulenak 1974-1994 urteetan egin ziren: Durangon, Baionan, Donostian. Tillac-en ibilbidea ikertu nahi duenak Baionako Euskal Museora joan beharra dauka, han daudelako artistaren hainbat liburu eta marrazki, baita Donostiako San Telmo museoan ere, nahiz eta han oso marrazki gutxi aurkituko dituen. Museo honek 1990ean Tillac-en 194 lan izan zituen ikusgai. Paul Faure idazleak, aldiz, oso bilduma ederra osatu zuen Tillac-en ilustrazioekin. Batez ere aipatzekoak dira Zugarramurdiko sorginei buruzkoak. Faure Kanbon hil zen 1968an, eta hil ondoren Kanbo herrira pasa zen bilduma hori. Faurek miretsi egiten zuen Tillac, baita Philippe Veyrin akuarela-egileak ere. Agian Veyrin izango da Tillac-en obra sakonen aztertu duena. Aztertze-lan horretan ere bere ahaleginak egin zituen Robert Poupel bildumagileak. Baina ez zuen diru-laguntza nahikorik aurkitu. Hala ere, Tillac-en marrazki eta idatzi asko laga zizkion Kanbo herriari.

 
Informazio gehiago

'Pablo Tillac, Traquer d'images/Irudi ehizatzailea' Claude Dendaletche, Elkarlanean, 1999.


09-11-2005
16356690
1876