Pablo Neruda

Parralen jaio zen poeta txiletarra, 1904ko uztailaren 12an eta Santiagon hil zen, 1973ko irailaren 23an. Pablo Neruda nor izan zen eta zer egin zuen hitz gutxitan azaltzea ezinezkoa da, hainbeste eta hainbeste idazlan argitaratu baitzituen eta hain eragin handia izan baitzuen hiritar aske izan nahi zutenen artean.

Dena dela, oso laburki bada ere, zertzelada bat edo beste azalduko dugu hemen goi-mailako idazle honen lanari eta bizitzari buruz.

 

Neftalí Reyes Basualto, -hori zen bere benetako izena-, Txileko Parral herrian jaio zen 1904ko uztailaren 12an. Handik hilabete batera hil zitzaion ama tuberkulosiak jota. Bi urte geroago aita berriro ezkondu zen. ' Ugazama oso goxoa zen, langilea eta adeitsua', dio Nerudak.

 

Zortzi urte zituela familia Temucora joan zen bizitzera, eta hango Lizeoan egin zituen bere aurreneko ikasketak. Aita harria garraiatzeko tren bateko gidaria zen, eta gure pertsonaia askotan joaten zen tren horretan aitarekin Txileko Hegoaldera. Orduan hasi zen zuhaitzak, hegaztiak, euria, mendiak eta, batez ere, harrobietan aitak zapaltzen zituen gizonen egoera gogorra hautematen. Gai horiek eragina handia izango zuten literaturgintzan: idazlanetan eta olerkietan, baita bere giza konpromiso pertsonalean ere.

 

Hamasei urte zituela, lortu zuen aurreneko literatura-saria Temuco herriko Udaberriko Festan Crespulario idazlanarekin. Bere kontura argitaratu behar izan zuen. Dirurik ez eta etxeko puska apurrak saldu behar izan zituen, aitak opari eman zion ordularia ere bai. Ordura arte poemak ezizenez idazten zituen aitak begi txarrez ikusten zuelako semeak 'ofizio' hori gogokoa izatea. Baina, ezizen asko erabili bazituen Sari horretan aurkeztu zituen lanean Neruda izena erabili zuen, eta handik aurrera beti erabiliko zuen izen hori. Hogei urte zituela argitaratu zuen bere bigarren idazlana: Veinte poemas de amor y una canción desesperada eta meritu handikotzat jo zuten.

 

Garai hartan gatazka sozial asko bizi zen Txilen, sindikatuek ere herri-mugimendu bortitza sortu zuten, eta ikasleen eta intelektualen laguntza handia izan zen. Giro hartan, Ranguneko (Birmania) kontsul ad honorem izendatu zuten. Geroago, Ekialdeko beste hiri batzuetan ere izan zen Txileko kontsul: Batavia (Java), Singapur, Colombo... Paraje exotiko horietan arrotz sentitzen zuen bere burua, jaioterritik urruti, herri-minak jota bizi zen, erbestean sentitzen zen...

 

Kontsul-zereginetan bost urte pasatu eta gero Txilera itzuli zen 1932an. Poema-liburu bat ekarri zuen besapean: Residencia en la tierra. Aitak ongietorri hotza egin zion, bizimodu miserable samarra zeraman, han-hemen nolabaiteko 'lantxo' batzuk eginez.

1933an Buenos Airesa joan zen Txileko kontsul izendatuta. Han ezagutu zuen Federico García Lorca. Hurrengo urtean Bartzelonako kontsulatura bidali zuten, eta gero Madrila. Gerra lehertu zen eta Parisa alde egin behar izan zuen.

 

1940an Mexikorako Kontsul Nagusi izendatu zuten. Mexikon argitaratu zuen Canto general, bere lanik gorena. Hurrengo urtean nazi-talde batek eraso egiten zion Cuernavacan. Bigarren Mundu Gerrateko garaia da. 1945. urtean Txileko senatari izendatu zuten. Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, eta ezizena izen ofizial bihurtu zuen.

 

60ko hamarkadan Txileko presidentea aukeratzeko kanpaina gogorrean sartu zen buru-belarri, eta Salvador Allenderen alde lana gogotik egin zuen.

1971ko urriaren 21ean Nobel Saria irabazi zuen.

 

1973. urtean Alabanza a la Revolución Chilena argitaratu zuen. Irailaren 11n, kolpe militar batek presidente konstituzionala akabatu zuen. Neruda hil horren 23an zendu zen. Herriak isiltasun zaratatsua azaldu zuen. Herriak hain maitea zuen Neruda hil zuten bere etxea zeharo txikituta utzi ondoren.

 

Idazle handi horren beste lan batzuk:

 

El hondero entusiasta (1933)

España en el corazón (1935)

Las furias y las penas (1939)

Odas elementales eta Las uvas y el viento (1939)

El gran océano (1956)

Estravagario (1958)

Navegaciones y regreso (1959)

Cien sonetos de amor (1959)

Canción de gesta (1960)

Las piedras de Chile (1961)

Fin del mundo (1969)

La espada encendida eta Las piedras del cielo (1970)

 




B2
07-01-2004
16233743
1904