Liburu hau euskal olerki-antologia da eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eginda dago, hots, olerki guztiak jatorrizko hizkuntzan ez ezik, aipatu beste hiru hizkuntzetan ere ematen dira. Hori dela-eta, liburuaren bestelako izenburuak: Voz, palabras, lenguas. Voix, mots, langues. Voice, words, languages. Pablo González de Langarica eta Sebastian Gartzia Trujillo dira lan honen prestatzaileak. Hamar idazleren olerkiak biltzen dira liburuan: batetik, euskaraz sortu duten Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Bernardo Atxagaren lanak, eta bestetik, gaztelaniaz idazten duten Angela Figuera, Blas de Otero, Javier de Bengoechea, Jorge González Aranguren eta Blanca Sarasua poetenak.