Denboran zehar, era askotakoak izan dira gazteen eta politikaren arteko harremanak ulertzeko moduak eta, are gehiago, gazteen irudikapen politikoak. Muturrera joanda, garai batzuetan gazte erreboltarien irudia nagusitu da. Azken hamarkadetan, aldiz, gazte axolagabe indibidualistaren gailentasuna atzematen da belaunaldi berriei buruzko iruditeria publikoan. Gehienetan, irudikapen horiek talde homogeneotzat jo dute gizarteko adin-talde gazteak osaturiko multzoa. Eta ez da falta izan uste horietan heldu-zentrismoz kutsaturiko ikuspegirik ere.
Zientzia gisa, soziologiaren zereginetako bat da aipatutakoak bezalako aurreiritziei eta estereotipo arruntei aurre egitea eta haien azpian dagoen errealitatea agerian jartzea. Ildo horretatik, lan honen oinarrian dagoen ikerketan, Hego Euskal Herriko lurralde-esparruko gazteei berei eman nahi izan zaie hitza, egun politika ulertzeko eta bizitzeko dituzten moduak eta esperientzia politikoei eransten dizkieten zentzuak jasotzeko asmoz. Xede horrekin, askotariko gazte-profilen lagina aukeratuta, metodologia kualitatiboa erabili da datuen bilketan, elkarrizketa sakonak nahiz eztabaida-taldeak eginez. Teknika horien bitartez jakin nahi izan da zelan burutu den gazteon ikasketa politikoa eguneroko bizitzan zehar, zer-nolako harremanak dauzkaten mundu politikoarekin eta zer modutan aditzen duten parte-hartze politikoa edo parte-hartzerik eza. Arreta berezia jarri da zenbait gazteren jarduera aktibistaren nondik norakoan ere. Azkenik, teoria soziologikoaren arabera landutako datuon azterketa eta interpretazioa egin da. Ikerlan horren guztiaren emaitza aurkezten zaio irakurleari gaur-gaurkoa den gaia ardatz hartu duen liburu honetan.