Lan honetan, funtsean, hiru periodo jakinetan, hala nola 1) 1876tik aurrera, 2) frankismoan eta 3) azken mende bueltan, Hego Euskal Herrira etorritako migratzaileen kopuru handiak indar abertzaleen aldetik zer-nolako diskurtsoak sortu dituen azaltzen da —Kataluniakoa ere ukitzen da baina gaingiroki—. Ez inola ere modu exhaustiboan, lagin adierazgarri batzuen bitartez baizik. Eta azterketa horretan hizkuntzari garrantzi berezia ematen zaio.
Iñaki Iurrebasok egindako doktore-tesiaren arabera, 195.000 hiztun gara Euskal Herrian (% 7) euskaraz erdaraz baino hobeki mintzo garen elebidunak, eta bi hizkuntzetan antzera moldatzen direnak 220.000 (% 8). Egoera linguistiko honetara heltzeko, era askotako arrazoiak egon dira noski, historiko-politikoak, sozioekonomikoak... baina immigrazioak ere, dudarik gabe, eragin handia izan du.