Energia-instalazioetako industria-segurtasunari buruzko arau bat da 2008ko otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua, Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak (JTO-GTL 01etik 09ra) onartzen dituena.
Erregelamenduaren xedea da goi-tentsioko linea elektrikoek bete beharreko baldintza teknikoak eta segurtasun-bermeak ezartzea, helburu hauek lortzeko: goi-tentsioko linea elektrikoen eraginpean egon daitezkeen pertsonak eta ondasunen osotasuna eta funtzionalitatea babestea; energia elektrikoaren hornidurak behar duen erregulartasuna lortzea; material elektrikoaren fabrikazioan dagoen tipifikazio zabala murrizteko behar diren arauak ezartzea; eta, lineen proiektu-fasetik hasita, zentzuz aurreikus daitezkeen etorkizuneko karga-handitzeetara egokitzeko aukera erraztea.
Erregelamendu honetako xedapenak goi-tentsioko linea elektrikoei aplikatzen zaizkie, eta goi-tentsioko linea elektrikotzat hartzen dira 50 Hz-eko maiztasuneko korronte alterno trifasikokoak, faseen artean kilovolt batetik gorako tentsio izendatu efikaza dutenak. Energia garraiatzeko edo banatzeko beste sistema batzuk -korronte zuzena, korronte alterno monofasikoa edo polifasikoa, eta abar- erabiltzea aurreikusten den lineetan, proiektugileak berariazko justifikazioa egin beharko du, eta proposatutako sistemaren berezitasunetara egokitu beharko ditu erregelamendu honetako oinarrizko printzipioak eta aginduak