Abiapuntu izanik bainujantzien bilduma ikusgarri bat, Beverley Birks modaren historialariak bainujantziaren historia dokumentatu du, alderdi artistikoei, soziologikoei eta kulturalei begira, 1880tik hona. Argitalpena izen bereko erakusketaren katalogoa da. Erakusketa Cristóbal Balenciaga Museoan egin zen, 2012ko ekainaren 15etik irailaren 23ra.
Bilduma berrogei urteko lan mardul baten emaitza da, eta 1880tik 2012ra bitarteko pieza ugari biltzen ditu, zeinak ederki erakusten baitute nolakoa izan den gizarteak aldi horretan jasan duen eraldaketa emakumearen gorputza erakusteko orduan; hamaika izan dira, azken bi mendeetan zehar, emakumearen gorputza eta emakumea bera ebaluatzeko erabili diren kanonak, modak, moduak eta baita moralitateak ere.
Argitalpenari Beverley Birks egilearen eta José María Unsain historialariaren sarrera-artikulu banak ematen diote hasiera. Bertan, egileek irakurleen eskura jarri dute ekialdeko munduan bainuari atxiki zaizkion erabilera eta ohituren historia, batetik, eta horrek Donostian izan zuen isla, XIX. eta XX. mendean hiri-bainuetxe nagusi izan zen aldetik, bestetik.
Mikel Alonso argazkilari itzaltsuak ekarri du bilduma argitalpenera. Lan zaindua, erakusketan ageri diren 57 piezak biltzen dituena, koloretan.