Skip to Content
-
04/05/2024 | 108
Giorgos Seferis Greziako 30eko belaunaldiko kidea izan zen, garrantzitsuenetakoa eta internazionalenetakoa (Nobel saria ere eman zioten 1963an). Urte asko egin zituen Greziatik kanpo, erbesteratuta zein lan kontuengatik, eta berekin eraman zuen beti bere lurra, baina ez miraz eta nostalgiaz, baizik bere oinaze eta ezin-ulertu guztiekin. Horra hor itzuli nahia, itzuli ezina, itzuli ahalaren gogorra eta are trauma, eta itzulera batzuen norarik eza. Egeo itsasoa eta paisaia mediterraneo idorra presente daude ia une oro haren poesian, eta paisaia horretan, berriz, itsasontziak, eta antzinako greziarren hondakinak. Seferisek ezin hobeto uztartu baitzuen bere garaiko errealitatea hala mundu klasikoarekin nola mito homerikoarekin. Sinbolismoa sakon jorratu zuen, betiere gertaera partikularrak, tokiko historia eta jokaleku eta objektu erreal jakinak unibertsalizatzeko. Maite López Las Herasek multzo oso bat dakarkigu orain, inspirazio eta zorroztasun harrigarriz itzulia.
-
04/05/2024 | 105
Anne Hebert Quebeceko poesiaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da, eta hein berean sailkagaitza eta berdingabea. Ahots oso pertsonal baten jabe, bide guztiz berea egin zuen literaturan. Eleberrigintzan eta poesian aritu zen bizitza osoan zehar, eta bi arloetan lortu zuen aitortza zabala. Poesia enigmatikoa da Hebertena, soila bere adierazpenean, baina sinbolo ondo neurtuen gainean oparo eraikia. Naturako elementu sinple baten behaketak abiatzen du askotan poema (iturria, euria, txoriaren kantua, gaua), eta sakontasun intimo handiko gogoetetaraino gidatzen du berehala eta oharkabean irakurlea. Tonua etsia da Heberten heldutasuneko poemetan, gaztaroko lehenen aldean, eta hain zuzen ere haurtzaroaren mina gailentzen da poema batean baino gehiagotan. Horien guztien berri, euskaraz lehenengoz, dakarkizuegu kaier honetan, Aiora Jaka Irizarrek zorrotz, tentuz eta mimoz eginiko itzulpen eder honetan.
-
04/05/2024 | 84
2017az geroztik Leitzako Udalean bildu eta aztertutako dokumentazioak informazio ugari eman zuen Erdi Aroan herrian izan ziren bi dorreei buruz. Bata zurezkoa zen eta erreka aldean zegoen; bestea, geroagokoa, harrizkoa zen, eta herrian berean eraiki zuten. Datu guztiak genituen, baina nola uztartu liburu batean dokumentuen edukia eta irakurleari Erdi Aroko bizimoduari buruzko jakin-mina piztu nahia?
Gakoa XIV. mendeko narratzaile bat orainaldira ekartzea izan da: Antso Beorietakoa, erregearen obretako maisua, dorreko lanetan buru-belarri aritutakoa eta herri hauetako berezitasunak ongi ezagutu zituena, ongi dokumentatua baitago askotan izan zela bazter hauetan.
Dokumentazioen edukia zen Erdi Aroko bizimodua azaltzeko kontakizunaren haria, hura baitzen osagai nagusia Erdi Aroa azaltzeko, baita hartan bizirauteko bizimoduaren gakoak ere: natura, basoa, harreman sozialak…
Nafarroako historia ikuspuntu horretatik kontatzen duen lehenbiziko lana da: Erdi Aroko maisu baten bizitza da muina, eta ematen diren datuek
dokumentazioa dute oinarri. Bi gauza baizik ez ziren falta: protagonistak bere bizitzaren berri ematea eta egileak kontakizuna ehuntzea.(Koloretako irudi ugarirekin)
-
-
04/05/2024 | 161
ETBk 40 urte ditu, ondo beteak, gainera. Liburu honetan, lau hamarkadako ibilbide horren ikuspegi zabala eskaintzen digu Urtzi Urkizu kazetariak: telebista ezerezetik sortu zen «garai heroikoetatik» hasi, eta gaur egungo erronketara, adimen artifiziala tartean. Ikuspegi zabal horrek dokumentazio lan sendoa du oinarri, baina, batez ere, egileak hainbat aritu eta adituri egin dien elkarrizketa sorta oparoa. Ahots ugaritasunak eta Urkizuren kazetari esku trebeak bizitasun handia ematen diote testuari. Beraz, irakurketa erraz eta atsegina da. Lan hau ez da, baina, informazio, oroitzapen eta iritzi bilketa hutsa.
Lerro artetik gailentzen da azken urteotan euskal gizartean sumatzen den kezka bat: euskarazko telebistak behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei? Urkizuk aditu eta arituen proposamenak jaso ditu, eta hark ere egin ditu bereak liburuaren epilogoan. Hitzaurrea, berriz, Itziar Ituñok idatzi du. -
04/05/2024 | 57
Santu baten bizitza kontatzen duen idazkiari deitzen zaio hagiografia, eta honako hau duzue, egileak berak kontatuta, bere santubizitzaren azalpen xehe eta guztizkoa, menosten hasitako oroimenak uzten dion neurrian betiere.
Bertan aurkituko ditu irakurleak mirari harrigarriak, hitzaldi txundigarriak, eskuerakutsi miragarriak, doatsutasunezko ekintzak… Baita adarjotze bikainak, megalomania gaitzak, hipokondria galantak, erudizio alferrikakoa.
Ironiaren ukitu etengabea, estilistaren eskujoko orohartzailea, literaturazalearen presentzia nonahi eta noiznahikoa… Horra liburu bakan, bakar eta desberdin honen ezaugarrietako batzuk. On egin! -
-
04/05/2024 | 41
Eskribu galduen bila bai, beste autobiografia ahalegin bat, beste errelato bat, orain esaten ohi den eran, eta, noski, Pro domo, maisuak artikulu bat titulatu zuen eran. Baina, norentzat bildu, jaso eta gordetako irudi zahar eta berriek, fotografia eta koadroek, liburu portadek, kontraportadek eta barneko testuek sorrarazten dizkidaten oroitzapen, iradokizun eta iruzkin hauek behar ditut idatzi, galdetzen diot nire buruari.
Nori arraio interesatuko zaizkio. Eta pentsatzen hasi eta, lehenik neronentzat izan daitezkeela interesgarri begitantzen zait.
Oroitzapen lanbrotsuok zertxobait irudien kriseiluaz argituz orain arteko ibilbidea hobeto konprenitzeko saio gisara balioko didatela gogoetatzen dut, eta baita ere lagunduko didala aspaldi honetan literatur historiaren ikerketa ohikoetatik askatzeko, neurri batean bederen. Edota izan daitezkeela nire familia eta adiskideentzat, irakurtzeko gogorik eta astirik badute, bereziki nire anaia-arreba Marikrutx eta Joxebarentzat, (tamalez, bi anaia maitegarriok jada joan zaizkit lur honetatik baina ez bihotzetik) nire seme Urtzirentzat, nire biloba Malenentzat handitzen denerako, eta nire garaia bizi izan duen edonorentzat, beste lekuko bat gehiagoren moduan zerbait beren oroimenen ganbara eta ibilbide propioa argitu diezaielakoan, agian. Trapu zikinak nork bere etxe barruan, etxeko harraskan garbitu behar dituela esaldia oso zabaldua den arren, esperantza dut inor gehiegi mindu gabe, baina zenbait mito bere neurri apalera eramanez eta desmitifikatuz, eta gertakizunak neronek bizitu izan ditudan eran, argi eta garbi, aratz eta garratz behar bada adierazterakoan argi pittin bat urte gogor, zail eta odoltsu gertatu direnez emango dutela, eta historiaren letra handietarik kanpo, azpi ohar edota ertz ohar gisara kontsideratu daitezkeen hauek balioko dutela osatzen joateko, ororena behar duen historia, eta ez soilik garaileena. -
04/05/2024 | 31
Aminata naiz, hamasei urte ditut eta duela urtebete hasi nuen bidaia hau. Entzuten ari bazatzaizkit, telefono hau jaso duzun horri, eskatzen dizut, mesedez, familiari nire berri emateko. Horixe Itsasok hondartzan botila batean topatutako mezua. Telefono batean, adinkide duen Amiren dei etsia.
Oporretako hondartza zoragarri batean, botila batean gordeta, itsasoan galdutako bizitza baten istorioa; testamendu bat, erregu bat.
Itsasoaren hegi banatan bereizita Aminata eta Itsaso. Bata beltza eta zuria bestea, bata zuria eta beltza bestea, argazki baten negatiboan bezala. -
04/05/2024 | 50
Agoten historia antropologiaren ikuspegitik azaldu izan da, gehienbat, kontuan hartu gabe mendeetan zehar jasan zituzten politiken eraginak.
XVI. mendean, Leon X.a aita santua eta Karlos V.a enperadorea haien alde jarri ziren Espainiaren eta Frantziaren artean izandako istiluetan, baina ondoren ahaztu egin zituzten.
XVII. mendean, Frantziako Luis XIV.a Eguzki Erregeak ere adierazpen hau egin zuen: «[…] Badira biztanle batzuk nolabait esklabo bezala tratatuak, lanbide batzuei lotuak, […] beste gizakumeen salerosketatik bananduak, [eta] christians, agot, kagot eta kapot izenez ezagutzen direnak, jakin gabe zergatik bereizten diren horrela, gure erreinuko legeen aurka […]». Baina hitzak hitz, ez zuen konpondu agoten aurkako gogorkeriarik.
XIX. mendean, Nafarroako Gorteetako 1817ko Legeak honela zioen: «[…] Gure Erreinuan badira, asko ez badira ere, Agot deitzen dieten jende batzuk. […] Ustekizunek eta tradizio baldarrek eragin dute orain arte jasan duten mespretxua. […] Eta esan ere esan daiteke harreman sozial eta zibiletatik ere baztertuak izan direla. Baina guk ez deritzogu zuzena. […] Agotak Nafarrak dira, besteak bezala». Hala ere, ez zen konpondu Agoten giza egoera.
Idazlan honetan, ordea, Erroma, Frantzia, Ingalaterra eta Alemania aldeetako politikarien nazioarteko handinahikeria zapaltzaileen aurka egin ziren herri aldarrikapenen artean jartzen dira Agotek «berdintasun eskubidearen» alde hartutako jokabideak.