Liburu honetan euskal literatura eta kulturari generotik nahiz gorputzetik behatu nahi izan zaie. Horretarako, hamaika emakume elkartu dira. Lehenik, egitasmo honen atal bat EHUk publikatu zuen Emakunderen diru-laguntzaz. Hura agortuta, Eibarren UEUk antolatutako «Gorputza eta Generoa» mintegiaren arrakasta ikusita, honatx! Gorputzaren eta Generoaren beste irakurketa-proposamen bat. Ikerketatik eratorritako teoriaz gain, didaktikarako hainbat proposamen eta norberaren esperientziak ere jasotzen ditu. Ikerketaren ondorioak dira Meri Torras, Mari Luz Esteban, Jone Miren Hernández, Kattalin Miner, Gema Lasarte, Amaia Alvarez Uria eta Mariate Vizcarraren artikuluak, azken hirurek, halaber, hiru proposamen didaktiko eskaintzen dituzte. Eta liburuaren amaieran zenbait esperientzia kontatzen dira: Uxue Alberdi taularen gainetik mintzo da; Iratxe Retolaza eta Itsaso Gutierrez musikaz eta gorputzaz ariko dira, eta, azkenik, Miren Agur Meabek poesiatik gorputzaren kode berria aldarrikatuko du.