Euskal pentsamendua aztergai eta egitasmo izanik, nahitaez erreparatu behar zaio Arantzazutik abiatutako 56ko belaunaldiari: ezin da etorkizuna eraiki iragana ezagutu gabe. Euskaldunen egoera kaskarraz jabeturik, hainbat euskaltzalek zuzenean begiratzen diote arazoari, eta, lankidetzan, euskal hizkuntzaren, kulturaren eta herriaren aldeko lan eskerga egiten dute. Horren guztiaren emaitza dira, besteak beste, euskararen estandarizazioa, euskal kulturaren berrikuntza, ikastolen sorrera edota kooperatibismoaren sustapena. Gauzak aldatuz doaz, baina oinarrizko arazoa ez da hain ezberdina: oraindik ere Euskal Herriaren etorkizuna da erronka. Horregatik da garrantzitsua atzera begiratzea, ez hor geratzeko, baizik eta aurrea non dagoen jakiteko.