
Ikerketaren helburu nagusia euskal hiztun berrien deskripzioa edo argazki orokorra egitea da. Zehazki, (a) euskal hiztun berrien jarrerak, esperientziak, motibazioak, eta euskararen alde zer egiteko prest dauden azaleratzea; (b) identitatearen konfigurazioan euskal hiztun berriei euskara ikasteak zer ekarpen egin dien zehaztea; (c) euskararen erabilera eta transmisioarentzat mesedegarriak diren elementuak, eta baita kaltegarriak edo oztopatzaileak direnak, aurkitzea; (d) euskal hiztun legitimo bezala hautemateko euskal hiztun berrien eta gainerakoen auto-pertzepzioan zein elementu diren eraginkorrak identifikatzea. Bereziki, euskal hiztun legitimo bezala hautemateko euskalkien edota bat-bateko erregistro ez-formalen erabileraren garrantzia zehaztea; (e) hizkuntza gutxituen ikerketaren testuinguruan, gaur egungo nazioarteko hiztun berrien eta jatorrizko hiztunen inguruko eztabaidari ekarpena egitea.
Helburu horiek betetzeko bi ikerketa osagarri burutu dira: lehen fase baten, metodologia kualitatiboa erabili da ikergai dugun taldearen esperientzien, jarreren, motibazioen eta identitatearen azterketa egiteko, haien diskurtsoak eta biografia linguistikoak arakatuz. Bigarren fase baten, metodologia kuantitatiboa erabili da ikerketa kualitatiboan gako bezala identifikatu diren emaitza batzuk kuantitatiboki neurtzeko.