
Zazpi urte pasa dira honezkero, 2010. urtean Soziolinguistika Klusterrak lehen aldiz Aldahitz Ikerketa abiatu zuenetik. Zazpi urte emankor hauetan ugaldu dira Aldahitz izenaren azpian egiten ari garen ikerketak, eta, egun, agian, Aldahitz Ikerketaz baino Aldahitz Egitasmoaz hitz egitea egokiagoa izan liteke. Izan ere, egun, hiru ikerketa garatzen ari baikara Aldahitz Egitasmoaren barruan: Eusle metodologiaren garapena batetik, Ulerrizketa metodologiaren aplikapena bestetik
eta Uler-saioen inplementazioa azkenik.
2010. urtean “Euskara ikasi dutenen hizkuntza-ohituren aldaketa lan munduan” izeneko lanak lehenbiziko harria jarri zion Aldahitz egitasmoari. Hartan, zortzi kasu aukeratu ziren Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko enpresa publiko zein pribatuko langileena, beren euskalduntze prozesu arrakastatsuaren nondik norakoak aztertzeko. Eta euskalduntze arrakastatsua esateaz bi adierazle nagusi genituen gogoan: batetik euskara ikasi izana, eta bestetik lankideren batekin euskaraz aritzeko ohitura eskuratu izana. Kasuak aztertuta, hainbat gako identifikatu ahal izan genituen hizkuntza ohitura aldatze prozesuari buruz. Kasu guztietan honako osagai hauek antzematen genituen: Hasteko, inflexio puntu bat, non lankide euskaldun batek ordutik aurrera euskaraz egiteko erabaki zorrotz eta argia hartzen zuen euskara-ikasle den lankidearen oniritziarekin. Lankide euskaldunak beti eusten zion euskarari, eta euskara-ikasle den lankideak, euskaraz gero eta gehiago erabili arren, gaztelaniaz baliatzen zen bitarteko gisa egoeraren presioa edo jardunaren gehiegizko zailtasuna gainditzeko. Horrek praktikan elebitako elkarrizketak zekartzan kideen artean, tarteka bada ere. Euskarazko elebakarreko elkarrizketarako bidean, elebitako elkarrizketa horiek makuluen zeregina jokatzen zuten era nabarian. Zer baldintza sortu beharko lirateke berariaz, nahita eta era kontzientean, berez eta era naturalean sorturiko kasu horien antzera, euskalduntze prozesu arrakastatsuak ugaltzeko? Horra hor, geure buruari luzatutako galdera eta erronka, eta 2011. eta 2012. urtetan gure ahalegina zeharo harrapatu zuena. Haren emaitza Eusle metodologia izan zen.
Lan honetan, 2013 eta 2016 artean osorik burutu diren 13 esperientzieninguruan arituko gara.