Hizkuntzaren historiaurrea –ustez aldi luzea izan zena eta ilun samarra ere zenbaitetan– Joseba A. Lakarrak (UPV/EHU) aztertu du; Joaquín Gorrochategui (UPV/EHU) arduratu da antzinaroari buruzko kapituluaz; Patxi Salaberrik (UPNA) Erdi Aroko euskara aztertu du; eta Céline Mounole (UPPA-IKER) eta Joseba A. Lakarra (UPV/EHU) arduratu dira euskara arkaikoa aztertzeaz (1400-1600). Antzinako euskarari eta euskara modernoari dagokienez, 1600 eta 1745 artean ezarri dira haien muga kronologikoak. Céline Mounole eta Ricardo Gómez (UPV/EHU) arduratu dira aldi hau batera aztertzeaz. Blanca Urgellek (UPV/EHU) hasierako euskara modernoari erreparatu dio, 1745 eta 1876 urteen arteko aldia hartzen duena; aldiz, bigarren (edo azken) euskara modernoaren azterketaz, 1745 eta 1876. urteen arteko aldiaz, Iñaki Camino (UPV/EHU) arduratu da. Amaitzeko, Pello Salaburuk (UPV/EHU) bere gain hartu du euskara garaikidearen azterketa.
Nabarmentzekoa da hainbat historialariren ekarpena liburuaren zenbait kapitulutan: Mikel Aizpuru, Juan José Larrea eta Xabier Zabaltza, denak UPV/EHUko kideak.
Zalantzarik gabe, liburuaren helburu nagusia da oinarrizko erreferentzia bat eskaintzea euskararen historia ezagutu nahi duten pertsonei. Euskalaritza garatzeko, ezinbestekoa zen eskura dugun informazio historikoa era monografikoan biltzea. Gainera, hainbat ikuspegitatik zen ezinbestekoa: euskal filologiako ikasleek beharrezkoa zuten hizkuntzaren historiari buruz urtetan metatutako jakintza egoki antolatuko zuen obra bat; ikertzaileek ere sintesi bat behar zuten, euskararen bilakaeraren ikuspegi global bat eta hizkuntzak denboran zehar izan dituen aldaketei buruzko informazio esanguratsua emango zuena; azkenik, beharrezkoa ikusten zen ere liburu bat eskaintzea gure hizkuntzan interesatuta dauden pertsonei, euskarak historian izan duen bilakaera xehetasunez laburbilduko duena era ordenatu eta erakargarri batean.