Euskaltzaindiaren zereginetako bat euskara zaintzea eta aitzinatzea da. Xede hori bete ahal izateko, besteren artean, Akademiaren erantzukizuna da Euskal Herriko erakunde publikoei behar diren baliabideen bermea aholkatzea eta eskatzea. Eta hizkuntza erakunde ofiziala den aldetik, hori egin izan du erakunde publikoek bere irizpena eskatu diotenean. Halaber, berme hori kolokan jarri edo ukatu izan den bakoitzean, bere kezka jendaurrean agertu izan du. Euskaltzaindiaren ardura horren lekuko dira urteetan zehar, eta azkeneko lauzpabost hamarkadetan bereziki, plazaratu dituen adierazpenak.
