
VII. mapa soziolinguistikoa, 2021
Mende hau hasi denetik, aurreko urteetako joerarekin apurtuz, biztanleriak gora egin du EAEn. Horrela, atzerrian jaiotako biztanleriari esker (gazteak eta emakumezkoak gehienak), errekuperazio demografiko txiki bat izan da, nahiz eta saldo begetatiboa negatiboa izan. Batetik, biztanleriaren zahartze-prozesuak aurrera jarraitu du; bestetik, jaiotza-tasa jaitsi egin da.
•
Hiru gertaera hauek eragina dute biztanleriaren eta hizkuntzaren bilakaeran: immigrazioak (20 eta 34 urte bitartekoen % 26,9 atzerrian jaiotakoa da), zahartze-prozesuak (biztanleriaren % 23,5ek 65 urte edo gehiago ditu) eta jaiotza-tasa jaisteak (1981ean 12,7 haur jaiotzen ziren mila biztanleko; 2023an, berriz, tasa erdira jaitsi da: 6,1 haur mila biztanleko).
•
Hizkuntza-ereduen ezarpena giltzarria izan da umeak eta gazteak euskalduntzeko. Gaur egun, ikasleen % 70,2k D ereduan ikasten du, eta % 17,1ek B ereduan. Horrezaz gain, helduen euskalduntzeari esker, euskaldun berrien zein euskaldun hartzaileen ehunekoak hazkunde handia izan du, are handiagoa emakumezkoen kasuan. Izan ere, euskaltegietan euskara ikasten aritu direnen artean, ia hirutik bi emakumezkoak dira, eta horrela izan da urte askoan.
•
2021eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistikaren arabera, EAEn 897.878 biztanle euskaldunak dira (% 42,5), 322.546 euskaldun hartzaileak (% 15,3) eta 890.027 erdaldunak (% 42,2). Gaur egun, 1981ean baino 430.000 euskaldun gehiago dago: bikoiztu egin dute ehunekoa (% 21,9 versus % 42,5).
•
Araban % 30,1 dira euskaldunak, Bizkaian % 37,1 eta Gipuzkoan % 56,9. Azken 40 urteotako bilakaerari erreparatuz, lurralde guztietan egin dute gora euskaldunek: Araban 26 puntuko hazkundea izan dute, Bizkaian 22koa eta Gipuzkoan 17koa.
•
1981-2021 aldian, lehen, bigarren eta hirugarren gune soziolinguistikoetan gora egin dute euskaldunen kopuruak, laugarren gunean, aldiz, behera.