irudia
Author: Miren Basaras ; [irudiak, Jesús A. Ruiz "JESSE"]

Osasun bakarra, jomuga eskuraezina

Mikroorganismoak nonahi daude, eta gizakiarekin duten erlazioan, nahiz eta gehienak lagunak izan, badira batzuk patogeno edo etsai direnak. COVID-19aren pandemiari esker berriro baieztatu dugu mikroorganismoen mehatxu erreala infekzio emergenteen sorreran. Saguzarretatik etorritako mikroorganismoak nazioartean osasun publikoko larrialdiak sorrarazteko mehatxuak dira, baina karraskariak, eltxoak, akainak edo permafrosta ere begi-bistan izan behar ditugu. Historian zehar pandemiek izandako garrantzia ukaezina da, baina etorkizunean ere hala izango da.

Liburu honetan ikusiko dugu, besteak beste, nola babestu gaitezkeen bizitzan zehar edo zein funtsezkoa den elkarlana etorkizuneko pandemiak aurreikusteko.

Bestalde, botiken aurrean erresistente diren mikroorganismoen pandemia isilaren kausa eta irtenbideez gogoeta egingo da. Gizakiaren, animalien eta ingurumenaren papera hertsiki lotuta daude, eta batean zein bestean aritu beharra dagoela ohartuko gara.

Gaur egun, informazioa edonon dago; sare sozialetan adituek zein negazionistek idatz dezakete, eta, hango mezuak partekatzen ditugunean, sarritan ez gara jabetzen desinformazioa handitzen ari garela. Zalantzarik gabe arazo bat ukatzeak ez du esan nahi arazo hori ez dagoenik.

Liburu honek, Osasun Bakarra jomuga izanik, gai horietaz dihardu, osasun publikoa mundu osokoa baita. Jomuga hori lortzeko zailtasunak azaltzen saiatuko gara, eta nola gutariko bakoitzak hartzen dituen neurri eta erabakiek ere (edo hartzen ez ditugunek) zuzenean eragiten duten osasunean.