Lautadako mamua
Mamu bat, piztia bat omen dabil Arabako lautadan barrena. Bertako soro eta herrietan dabil, txima luzeak harrotzen dizkion haizea bezain arin, oinez ez, hegan egingo balu bezala. Hara eta hona dabil odol-egarri, eta sufre hatsa dario, infernuak bidalia delako seinale. Emakumeak korrika etxeratzen dira ilunabarrean, eta ez dute beste konturik aipatzen elizara edota lixiba jotzera biltzen direnean. Emazte infidelak eta neska txolinak eramaten omen ditu, haien bekatuen zigor. Izuturik du Araiatik Gasteizerainoko herrietako jendea. Aztoratuta, aitaren egin eta Jainkoari eskatzen diote babes. Baiki, deabrua libre dabil hemengo bazterretan, nahieran. Apaizek ere hala diote, apezpikuak oraindik ezer esan ez badu ere. Gauza batzuk agerikoak dira. ***