irudia
Author: Jean-Baptiste Coyos

Euskararen aniztasun dialektalaren kontuan hartzea Euskaltzaindiaren Hiztegian

Artikulu honetan, Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegiak, gaur egun Euskaltzaindiak garatzen duen euskara batuaren hiztegiak, zer neurritan euskararen aniztasun dialektala kontuan hartzen duen aztertu nahi da. Hiztegian sailkapen dialektal hau erabiltzen da: amikuzera (Am.), behe-nafarrera (BNaf.), bizkaiera (Bizk.), gipuzkera (Gip.), goi-nafarrera (Naf.), hegoaldea (Heg.), iparraldea (Ipar.), lapurtera (Lap.) eta zuberera (Zub.). Laburdura dialektal horien, hizkera-erregistro laburduren edota jakintza-alorren laburduren konbinazioak baliatuz 6.510 hitz edo adiera ateratu dira, gutxi gorabehera hiztegiaren hitz eta adieren % 10.
Hastapen-hastapenetik, 1920an, Euskaltzaindiak hiru egitasmo nagusi horiek lehenetsi zituen eginbeharretan: euskalkiak kontuan hartzea, hiztegi baten sortzea eta euskararen forma estandar baten egitea. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren bidez, XVI. mendetik hasiz, Iparraldeko tradiziozko literatura osoa kontuan hartu da Euskaltzaindiaren Hiztegian. Aldiz, Ipar Euskal Herrian gaur egun argitaratzen diren literatura, prentsa idatzia edo irakaskuntzarako argitalpenak ez dira kontuan hartu. Hau da Euskaltzaindiak laster zuzenduko duena.
Euskara batua, euskara estandarra bilakatu dena, artifiziala dela uste duena okertzen da. Hau da hemen argiki frogatzen dena, lexikoaren alorrean bederen.