detalle-liburu-berriak-fitxa

Imagen relacionada
Author: Jone Goirigolzarri Garaizar

Hizkuntzak eta alderdi politikoak: diskurtso linguistikoak Euskal Autonomia Erkidegoan

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eztabaida eta jardun politikoan euskara eta gaztelaniaren arteko bizikidetza linguistikoaren auzia bizi-bizirik dago, alderdi politikoen artean jarrera eta ikuspegi politiko-ideologiko ezbardinak agerian utziz. Eztabaida-gune zentralak bi dira: batetik, hizkuntzok gizarte mailan izan beharreko tokia eta, bestetik, berau egikaritzeko modua. Azken aldian gainera, historikoki lurraldeotan berba egin diren mintzairoz aparte eta herrialdeen arteko hartu-emanak ugaritu ahala, atzerriko hizkuntzek eurak ere goranzko presentzia bereganatu dute politikoen saio eta mintzoan; bereziki ingelesarenak, bere lingua franca estatusak bultzatuta, baina baita etorkin komunitateek ekarritako aniztasun linguistikoak ere.

Plangintza linguistikoa zehaztu edota bertan eragiteko ahalmena duten eragile politikoen leku-hartze linguistikoak ezagutzeak berebiziko interesa dauka egungo eta etorkizuneko elkarbizitza linguistikoaren nondik norakoak ezagutu eta, ahal den neurrian, aurreikusteko. Ikerketa lan honetan leku-hartze horien gainean galdetu gura da; itaun zentralak honakoak izanik: zelako hizkuntza politikak hobesten dituzte EAEko alderdi politikoek? Zeintzuk ikuspuntu ideologiko agertzen dituzte hizkuntzen aurrean? Zelako lotura dago hobesten dituzten hizkuntza politika eta agertzen dituzten hizkuntza ideologien artean?

Horretarako, EAEko plangintza linguistikoa zehaztu edo bertan eragiteko ahalmena duten bost eragile politiko aztertu dira: Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ), Ezker Abertzalea, Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE), Partido Popularra (PP) eta Ezker Anitza. Hauen hizkuntza politikak eta hizkuntza ideologiak diskurtso mailan aztertu dira, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara 1980-2012 aldian aurkeztutako programen eduki azterketa burutuz. 

 
 

Web Content Display