• Author: Kultur Atelier

Janari-poltsak edo kaxak ixteko trikimailuak

Nola gordetzen dituzu zabaldutako janari-poltsak edo kaxak? Pintza, klip edo bestelako objekturik gabe gordetzen ikasiko duzu trikimailu hauek ikusi ondoren.

 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Kaixo lagunak! Gaurko trikimailuen atalean etxerako oso erabilgarriak diren hiru aholku emango dizkizuegu. Janari-poltsak edo kaxak ixten ikasiko dugu bestelako objekturik erabili gabe.

Hiru trikimailu hauek egiteko elementu hauek behar ditugu: janari izoztuen poltsa, patata frijituen poltsa, zerealen kaxa, guraizeak.

Janari izoztuen poltsarekin hasiko gara. Sarritan, behar dugun janaria hartu ondoren, poltsa gordetzeko pintza edo klip bat jartzen dugu. Trikimailu honekin, poltsa bestelako objekturik erabili gabe ixten ikasiko dugu.

Horretarako, janari izoztuen poltsa guraizeekin irekiko dugu: triangelu moduko bat moztuko diogu goiko aldean. Behar dugun janaria hartu ondoren, poltsari korapilo arrunta egin eta izozkailuan sartzeko moduan izango da.

Bigarren trikimailuan, gauza bera egingo dugu patata frijituen poltsa batekin, baina izan daiteke beste edozein janari-poltsa. Trikimailua, batez ere, poltsa handiekin erabiltzeko da.  

Behar ditugun patata frijituak hartu ondoren, poltsa goitik behera tolesten hasiko gara. Erdi-parera iritsi ondoren, bi izkinak barrualdera sartuko ditugu eta, amaitzeko, tolestuta dagoen poltsa zatiari buelta eman eta barrutik kanpora aterako dugu.

Ikusten duzuen bezala, poltsa behar bezala itxita geratzen da.  

Hirugarren trikimailuan, poltsen ordez kaxa bat erabiliko dugu, esate baterako, zereal-kaxa bat. Hasteko, kaxa modu egokian zabaldu behar da, apurtu gabe. Zerealak kaxatik atera ondoren, goiko lau zatiak, edo belarriak, tolestu eta kaxa barrura sartu. Ondoren, zati luzeenetako bat atera eta kaxaren alboak estutuko ditugu. Amaitzeko, zerealak kaxan sartuko ditugu eta kanpoan utzi dugun kaxaren zatia, edo belarria, barrura sartuko dugu.

Hauek dira gaurko hiru trikimailuak, etxerako erabilgarriak izatea espero dugu; hurren arte!

A2
02-01-2022
29126649
00:02:50
520