• Author: Kultur Atelier

Kristalezko potoetan etiketak jartzeko trikimailua

Batzuetan antzeko potoetan jasotzen ditugu produktuak eta, gero, ez dugu jakiten poto bakoitzean zer dagoen. Hori ez gertatzeko kristalezko potoetan etiketak jartzea da irtenbide bat. Jakin nahi duzu nola? Egon adi!


Transcription:[+] Transcription:[-]

Kaixo lagunak! Gaur, kristalezko potoetan etiketak jartzen erakutsiko dizuegu. Etxean, askotan, antzeko potoak berrerabiltzen ditugu produktuak jasotzeko eta ez dugu jakiten potoaren barnean zer dagoen. Trikimailu honi esker poto bakoitzaren barruan zer dagoen jakingo dugu.

Trikimailu hau egiteko objektu hauek behar ditugu:papera, zeloa, guraizeak, plastikozko ontzia eta ura.

Lehenik eta behin, etiketan ipini nahi duguna inprimatuko dugu paperean. Guk jada hemen dugu inprimatuta. Jarraian, zelo gardenarekin estaliko dugu hitza; hitza  osorik tapatu behar du zeloak. Aire-burbulik ez sortzeko guraizeen heldulekuarekin zapalduko dugu zeloa paperaren gainean itsatsi ondoren. Jarraian, etiketa moztuko dugu guraizeekin hitzaren neurri osoa hartuta.

Hurrengo urratsa, plastikozko ontzi batean ura jartzea izango da. Gero, uretan ipiniko dugu moztu dugun etiketa. Hamar minutu nahikoa izango dira.

Hamar minutu pasatu ondoren, etiketa aterako dugu uretatik. Eskuarekin etiketaren atzeko aldean dagoen papera kenduko dugu. Etiketa prest izango dugu.

Azkenik, etiketa lehortzen utziko dugu eta dagokion potoan itsatsiko dugu.

Hau gure gaurko trikimailua. Hurren arte!

A2
12-14-2021
28980641
00:02:04
1689