• Author: Kultur Atelier

Mugikorrentzako euskarriak egiteko trikimailuak

Askotan, mugikorrak mahai gainean non utzi ez dakigula gelditzen gara. Gaur, arazo horri irtenbidea emateko trikimailuak erakutsiko dizkizuegu.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Kaixo lagunak! Gaurko trikimailuen atalean mugikorrak uzteko euskarriak egiten erakutsiko dizuegu. Askotan, mugikorrak mahai gainean non utzi ez dakigula gelditzen gara, baina lasai egon gaurko trikimailuek arazo horri irtenbidea emango diote. Adi egon oso erraza da eta!

Trikimailu hauek egiteko objektu hauek behar ditugu: kartulina-zati bat, guraizeak, klip bat, aliketak, zazpi pintza edo matxarda.

Lehen trikimailuan, kartulina-zati batekin egingo dugu sakelakoa uzteko euskarria. Horretarako, 9 zentimetroko luzera eta 6 zentimetroko zabalera duen kartulina-zati bat moztuko dugu.

Jarraian, kartulina-zatia erditik tolestuko dugu eta forma kurbatua duen mozketa diagonal bat egingo diogu. Izkina bateko ertzari mozketa txiki bat egingo diogu, hiru milimetro ingurukoa.  

Eta orain, jarri zure mugikorra bertan. Erraza ezta?  

Bigarren trikimailuan, klip bat erabiliz egingo dugu euskarria. Lehenik eta behin, kliparen barruko zatia tolestuko dugu, bi zatien artean berrogeita bost graduko angelu bat osatuko dute. Jarraian, aliketa batzuen laguntzaz kliparen muturretako bat laurogeita hamar gradu tolestuko dugu. Mugikorraren euskarria prest dago!

Hirugarren trikimailurako zazpi pintza edo matxarda erabiliko ditugu. Arropa esekitzeko pintzak dira, eta horiekin egingo dugu euskarria.

Lehenik eta behin, pintza bat hartuko dugu eta pintza horren izkinetan pintza bana jarriko dugu. Hau izango da gure euskarriaren oinarria, U forma hartu du.

Jarraian, bizkarraldea egingo dugu. Horretarako, U formako oinarriaren erdian bi pintza lotuko ditugu. Pintza eta pintza artean zentimetro inguruko tartea utziko dugu.

Oinarria eta bizkarraldea egin ditugu. Mugikorrarentzako euskarria amaitzeko oinarriaren punta bakoitzean pintza bana jarriko dugu horizontalean. Hurrengo urratsa mugikorra bertan uztea izango da!
          
Hauek gure gaurko trikimailuak. Hurren arte!

 

A2
10-19-2021
28812684
00:03:10
789