. zenbakia. Available soon.

Askotan esan digute atzerritarrek, inbidi ukitu batekin: 'zuek kalean bizi zarete'. Zer da, bada, guretzako kalea? Eta nola zaintzen dugu?

Euskaldunok, batez ere, Hegoaldekook bizimodua kalean egiten omen dugu. Kalea bizitoki dugu, ez gara, zorionez, arratsaldeko zazpietan afaltzen hasten. Guztion bizitoki hori, ordea, beste askoren lantoki ere bada. Fermin Tarragonak, Iñaki Ziarrustak, Juxtok, eta Pilar Azpeitiak, laurok ezagutzen dute kalea. Fermin Tarragonak bere enpresako kale-garbitzaileak antolatzen ditu. Horrela, Iñaki Ziarrustaren kastakoek eta toki txukunean egingo dute kale-antzerkia. Eta antzerkiari gustura egongo da begira Juxto, gaztainak saltzen dituen bitartean. Eta beharbada, lanbide hori ez galtzeko, Juxtorekin gaztainak erretzen ikasiko dute Pilar Azpeitiak hezitako gaztetxoek, Pilar kalea hezibide nola bihurtu irakasten baitie gaztetxoei.

Kaleko garbitasuna

Estimatzen ote ditugu kale garbiak behar adina? Udazkena hasten denean, izugarri politak daude arbolak, a ze hosto-festa, baina erortzen direnean, a ze komeriak kale-garbitzaileentzat: 'Kale bat garbitu, atzera begiratu, eta berdin-berdin dago berriz. Badirudi hemendik ez naizela pasatu. Gero, pipa-azalak eta txikleak daude. Txikleak oso txikiak dira, eta zailak kentzen. Asteburuko giroak ere lan handia ematen du' dio Fermin Tarragona, kale-garbitzaileak. Kalea sarri garbitu behar den gunea da. Ferminek, honez gero jakingo du garbitu ezean zenbat irauten duen kaleak garbi: 'Segun, baina parkea egun-erdia. Guk egunean hiru aldiz garbitzen ditugu. Adibidez, garbitzailea goizeko zazpietan pasa bada, joan zaitezke hamabietan, eta paperak daude, zigarroak...'. Fermin Tarragonak kalean paseatzen dabilenean garbi dauden begiratzen du, zakarrontziak nola dauden.

Iñaki Ziarrustak ez dakigu kaleari erreparatzen dion, baina erosoagoa izango da kale garbi batean lan egitea narras batean baino, kale egokia aukeratzea garrantzizkoa izango da. 'Hori beti bilatzen dugu, guk edo programatzaileek. Edo jende asko dagoelako, edo zabala delako, edo berez polita delako, edo hor beti egin delako zerbait tradizioz'. Eta segun zein antzerki-talde den, kale bakarra ez, kale asko beharko dituzte egokiak. Izan ere, antzerki-talde batzuk herri batera joan eta kalez kale ibiltzen dira. Beste batzuek, aldiz, nahiago dute toki zabal batean jarri, eta han aritu, mugitu gabe. Esaterako, halaxe ibiltzen da I. Ziarrusta Gaitzerdi taldearekin: 'Gu ez gara mugitzen, guk behar dugu eszenatoki zabal bat, publikoak izan dezan lekua egoteko, eta gu hor aritzen gara. Saiatzen gara kaleak lasaiak izan daitezen, zaratarik gabeak'.

Kalean gora, kalean behera

Publikoa aipatu duzu eta agian zailena horixe izango da, nola neurtu kale-antzerki baten arrakasta: 'Jende-kopuru egonkor bat, itxurako bat, gelditzen bada begira, uste dut hori eman dezakegula ontzat' Horixe gertatu zitzaizuen Oiartzunen Fermin Muguruza eta Dut musikariekin 15.000 lagunen aurrean aritu zirenean. Baina, arrakasta neurtzeko beste modu batzuk ere badira: 'Bai. New Yorken izan ginenean sari bat lortu genuen, eta oso komentatua izan zen Euskal Herrian eta estatuan'.

Arrakastak arrakasta, kale-antzerkia gogorra da Euskal Herrian, eguraldiak asko mugatzen duelako taldearen ibilia, lau hilabete ondo, baina urteko parterik handienean geldi egon behar. Baina Gaitzerdik barrurako ere sortu du antzerki-saiorik. 'Kalea ez dugu utziko, aukera ona daukagu jarraitzeko, onartu delako gure lana. Baina egotea denbora guztia zerura begira, nekazariak bezala, larria da. Aretoak ematen dizu konfiantza, ez duzu eguraldiarekin kezkatu behar, eta beste gauza batzuetan zentratzen zara' dio Ferminek. Kale-antzerkia egiten dutenak bezala, gaztaina-saltzaileek ere urteko sasoi batean egiten dute lan, haiek udaberri eta uda partean, hauek, berriz, udazkenean hasita. Baina gaztainak saltzetik bizitzea zaila dela dio Juxtok: 'Azkoitian bazen bat bizimodua ateratzen zuena, baina guk neguan ateratzen genuen. Astean hiru egun, jai-egunetan... bi lagunek, bakoitzak 20.000 pezeta edo aterako genituen'.

Kalean, gaztainak saltzeaz gain, beste ekintza asko egin daitezke. Baina ikasi egin behar da ekintza horiek antolatzen. Kale-hezitzaileek, besteak beste, horixe egiten dute, antolatzen irakatsi. Kale-hezitzaileek unibertsitatean lortzen dute diplomatura: Gizarte-ekintza Diplomatura. Andoainen zazpi urte daramatzate, eta bertan ari da lanean Pilar Azpeitia: 'Kale-hezitzaileak urte askotan ibili diren herrietan ikusten da badagoela mugimendua, atzetik datozen gazteentzat ekintzak antolatzeko ohitura sortzen da... Adibidez, badira gazte batzuk patinetean ibiltzea gustatzen zaienak, eta herriko espaloi eta bankuak apurtzen dituzte. Badira gazte batzuk ez daudenak arauak onartzen ohituta... Beraiekin, gaztetxoekin oro har, lantzen dugu zer nahi duten, elkarte bat osatu, 'rampa' batzuk egin, udaletxera nola jo...'. Izan ere, herri askotan 11-17 urte bitarteko gaztetxoek kalea dute eskolaz kanpo, eta etxetik kanpo, hezteko leku bakarra. Eta kale-hezitzaileak horretaz arduratzen dira, gaztetxoek eskolaz kanpoko orduak nola bete nahi dituzten aztertu, eta eskari horiek bideratzen, edo bideratzen laguntzen.

01-16-2002
16525966
1167