. zenbakia. Available soon.

Unibertsitateko katedradunarekin elkarrizketa. Ikerketa baten berri ematen du. Horren arabera, bi hizkuntza txikitatik eta batera ikasteak ez du inolako arazorik sortzen hizkuntza biak ondo menderatzeko. Tesia eta ikerketa bera nola egin duten azaltzen du.

Etxetik elebidun diren haurren hizkuntza jabekuntza txerkatu dute; umeok euskara eta gaztelania aldi berean eta gramatika nahaspilarik sortu gabe ikasten dituztela nabarmendu dute.

Ume elebidunen berbaroa txerkatu du EHUko Euskal Filologia Saileko katedradun Itziar Idiazabalen ardurapeko ikerlari taldeak. Zuzen esanda, etxetik euskaraz eta gaztelaniaz mintzatzen diren haurren hizkuntz jabekuntza aztertzen jardun dute 1987tik aitzina. «Lengoaia bizituak» jaso eta hizkuntzok batera eta bereizita ikasiko dituztela adierazi du Idiazabalek. «Haurrek euskararen eta gaztelaniaren ezaugarriei tinko eusten diete: besteak beste gramatika eta joskera ñabardurei», azaldu dio EGUNKARIAri.

¿ Elebitasun goiztiarra hartu duzue Iangai; jaiotzetik euskara eta gaztelania entzundako haurrak aukeratu dituzue...
Gurean gero eta gehiago dira ama hizkuntza gisara bi lengoaiak dituzten umeak. Horien hizkuntza jabekuntzaz mintzo diren erdipurdiko adierazpenak ere dezente dira. Hala, gaztetxoenen elebitasuna miatzeari nahitaezkoa iritzi genion. Gaion inguruko esamesa okerrak baztertu eta haurron hizkuntz ikaskuntzaren inguruko xehetasunak azalarazi gura genituen.

¿ Horretarako bost umeren jarraipena egin duzue...
Denak ere giro sozialen araberako hizkuntz bereizketa pairatu duten haurrak: gurasoekin euskaraz eta zaintzailearekin gaztelaniaz jarduten dutenak, aitarekin euskaraz eta amarekin erdaraz ari direnak...

¿ Eta umeoi lau urtez egindako grabaketetan sustatu duzue lanerako metodologia...
Estreinako hitzak ahoskatzearekin batera ordubeteko grabaketa saioak arautu genituen. Harrezkero, bi astetik behin umeon etxeetara jauzi egin eta horietako bakoitzarekin solasean jardun genuen: jostatzen, bazkaltzen, dutxa hartzen.... baina hitz egiten. Haurrekin bi ikerlari genbiltzan. Gutariko bakoitza ordu erdiz mintzatzen zitzaion: euskaraz bata; gaztelaniaz bestea. Umea laster batean ohitzen zen harreman berezi horietara; naturaltasun osoz aireratzen zituen bere gogoetak; eta ikerlarioi hizkuntza jabekuntza ikuskatzeko ezin galduzko aukera eskaintzen zigun.

¿ Umeen aipuak batu, ikerketaren corpusa osatu eta hurrengo urratsa zein egin zenuten?
Grabatutakoak idatziz kopiatu genituen —hitzez hitz, soinuz soinu. Ondotik, ikerlanaren lanaldi teorikoenari ekin genion; umeon hizkuntz ikaskuntzaz hausnarketa abiarazi genuen. Emaitzak, zinez oparoak: ikerlana zertzen jardun dugunok bospasei tesi egin ditugu, eta azterketak oraindik emango du zer idatzirik.

¿ Batik bat gramatika auziei erreparatu diezue...
Deklinabideari, aditz formei, esaldien osaerari eta komunztadurari. Baina diskurtso forma oinarrizkoenak eta joskera kontuak ere ikuskatu ditugu. Hainbat ikerlarik azaldu dute umeek, haurtzaroan, gramatika bakarra darabiltela hizkuntza bietarako. Gure ustea da lengoaion egitura sintaktikoak kolpe batez banatzen dituztela. Aipatu dugu hizlariaren araberako hizkuntz aukeraketa egiten dutela umeek.

¿ Une oro hipotesi bati heldu diozue: haurrek ingurutik hizkuntza bizituak eta osoak jasoz gero, euskara eta gaztelania batera eta bereizita ikasiko dituzte... Ikerlana amaitu eta halakorik egiaztatu duzue?
Ikerketaren hastapenetan ere azaldu genuen umeek nekez nahasten dituztela hizkuntza biak. Orain ziurtatu egin dugu: etxetik elebidunak diren haurrak euskara eta gaztelania ikasten dituzte abiadura bertsuan, eta gainerako haurrekiko atzerapenik gabe. Alegia, hizkuntzak barrundatzeko burmuinean daukagun lekua mugatua deneko baieztapena faltsua da. Areago oraindik, haur elebidunek elebakarrek baino euskara
—edo gaztelania— txukunagoa egingo dute; hain zuzen ohituak daudelako arretatsuago jokatzen gramatika kontuetan. Hizkuntz berezitasunak biziki zainduko dituzte.

¿ Elebitasun goiztiarrak umeak azkarrago bihurtzen ditu?
Eleaniztasuna gizabanakoen inteligentzia neurtzeko irizpide izatekotan, bai noski! Aitzitik, ume elebidunen eta elebakarren arteko bereizketa biologikorik ez dago. Mirarizko neurona baten jabetza baino, gehiago da haurren euren jarrera arazoa. Ume elebidunek gaitasun metalinguistiko sendoagoa garatu dute, besterik ez.

¿ Umeen itsumustuko hizkuntz ikaskuntza dohain bitxi bati zor zaiona askok uste dute; halakorik badago?
Argi dago gaztetxoenek fonetika auzietarako ezohiko erraztasuna dutela. Egia da, halaber, umeek betiere ume-hizkuntza baliatuko dutela. Ezinezkoa da 4 urteko haurrek nerabe baten eduki gramatikal bertsuak jorratzea. Gainera, hizkuntza ikasteko umearen grinak eta hezkuntza teknikek nabarmen baldintzatzen dute hizkuntza jabekuntza. Ikasliburua ondoan eta arkatza eskuan nekez ikas daiteke hizkuntza bat. Prestakuntza praktikoagoa beharrezkoa da. Halaber, umeak ikasteko gogoa eduki behar du. Bestela, alferrikakoa da lana.

¿ Besterik ondorioztatu duzue hamalau urteko ikerketatik?
Umeek konplexutasun handiko hizkuntza egiturak ulertzeko gaitasuna daukatela. Aurrerantzean begi ezberdinez so egingo diogu haur literaturari.

¿ Gerora begira, etxetik elebidun ez diren haurren hizkuntz jabekuntza miatu gura duzue...
Haurtzaindegian edo eskolan ikasitako euskara txukun hitz egiteko galga ez dena erakustea dugu etorkizuneko jomuga.

 

C1
01-15-2002
  • Idiazabal , Itziar
16426115
3341