. zenbakia. Available soon.

Urtarrileko aldapa eta depresioaren inguruko artikulu laburra. Egungo politika erreferentziak sartzen baditu ere, hizkuntz gakoak eta hitz-joko politak sartzen ditu.

JESUS MARI MENDIZABAL/

Urtarrileko aldapa latza da. Aldapaz josia dugu Gipuzkoa. Aldaparen tontorrean, Elorrio. «Elorrio ikusteak» miseria gorriak ikustea esan nahi du. «Depre» hitzak ordain euskarazkorik ez duela dirudien arren, «gozo» hitzari Mokoroaren hiztegi oparoak hamar orrialde dakarzkion bitartean, hogeitaka badakarzkio «desgracias»-i. Elorrio gorria eta deprea ugaria da il-beltz honetan. Suerte etsaia dugu; eta kurtsibaz bizi gara, ezen ez zutik.

Batetik, mamuak hemen mamuak han: Bush, Sharon eta Aznar dauzkagu, damu gaiztoan, demokraziaren bandera; PP-ren Congreso-ko nacionalismo constitucional-a zopatik zopara dugu; Justizia Anderea begietako zapia kendurik, «ez dezadan, asmatu nauen Ahaltsurik, zigorpean jar» dioela dabil, etika onean; natura haserreak Nyiragongon ere pobreenak ditu pobreagotzen...

Bestetik, demonioak hemen demoniak han: ETAk, euskal herriaren lapiko-jotzei entzungor eginda, lehenago 'zulo' zirenak almazen egin ditu; beltzek eta txapel gorriek, denek egin diote muzin euskarari; euskaldun oro gaizto omen denez, deabruak harturik bizi gara... Errealak ez du erremediorik. Eta gainera, bakardadea: gaztetan zoratzen eta zahartzera txoratzen, amoreak amore emanda, kontu korrientea hondarreko hondarretan (gastuak hemen gastuak han)... Nork ez etsia hartu?

Hori dena medio, oilo bustia baino eroriago nabil praketan gizonik topatu ezinda... Katua elorrion bezala: estu, larri. Aurtengo ilbeltzeko aldapa latza da, baiki. Dena dela, aurki dugu hilaren gailurra joko, aurki du Kandelariak eguna argituko, aurki da Santa Ageda helduko: Elorriotik behera, berehalaxe.