• Author: Juan Benet
  • Type: Others
  • Keywords: posta, heriotz, ipuin, mandatari, gutun, juan, basamortu, benet, oihan, mezulari, inperio, enperadore, komandante

Urrutiko enperadorea


HABE aldizkariaren 30. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Trece fábulas y media. Juan Benet. Alfaguara Argitaletxea. 1981. 97-100 orr.
Izenburuak ez dio baina hamabi alegia jaso ditu liburu honek. Hamargarrenak bi bukaera ditu. Juan Benet, egilea, 1927an jaio eta 1993an hil zen
Madrilen, eta gaztelaniaz idazten zuten nobelagileen artean goi mailakoa izan zen.
Estilo landua du gehienetan, ulertzeko ez da beti erraza gertatzen, hala ere, alegia hauek salbuespen dira. Liburu asko argitaratu zituen, besteak beste: "Nunca llegarás a nada", "La otra casa de Mazon", "Sub rosa", "Saul ante Samuel", "El aire de un crimen".


Aspaldiko Enperadore bat Lurralde zabal, neurtezineko basamortu eta ia esplotatu gabeko oihanen jabe zen. Halako batean, bere azken ordua urruti ez zegoela nabaritu zuen. Orduan, Posta Komandante Nagusiari deitu eta horrela esan zion:

- Entzun ondo; osasuna zaintzen didaten medikuek sei hilabeteko bizitza ematen didate, besterik ez. Nire arima aurki beste mundura joango da. Ordu hartan nire menpekoen otoitz guztiak beharko ditut. Beraz, mandatariak bidal itzazu berehala, nire heriotzaren berri ematera. Oraintxe bertan irten daitezela, sei hilabetera dauden probintzia urrun horietara joan behar dutenak une egokian iris daitezen. Gainontzekoen irteera ere ondo banatu denek beren helbideetara egun berean ailegatzeko moduan.

- Baina, jauna ... -hasi zen Komandante Nagusia-.

- Ez niri erantzun - isilarazi zuen Enperadoreak-. Oso ezagunak ditut nire agindua betetzeko dauden eragozpen eta oztopoak, baina erabaki hau luzaro eta zehazki neurtua izan da. Eta doktoreek esan dutenarekin ez bazara fio entzun ondo. Gauzak esan bezala gertatzen ez badira, nire heriotza ofizialaren bezperetan izango duzu hartu beharko diren neurrien berri.

Komandante Nagusiak agindua betetzea erabaki zuen. Hilabeteak eta hilabeteak pasa zituen Enperadorearen heriotzaren berri emateko oharrak idazten. Ez zuen besterik egin. Berria isilpean gorde behar zen eta bana entregatu zituen berria emango zuten gutunak, Enperadorearen zigiluaz lakraturik.

Berehala abiatu ziren mezulariak lnperioko bazter urrutietara. Azken mandataria bidali bezain laster, Komandante Nagusia Enperadorearen gelara joan zen eta zera esan zion:

- Jauna, mandatari guztiak abiatu dira, zure heriotzaren berri daramatela. Badakit beren egin beharra ondo beteko dutela. Bihar, beraz, lnperio osoak jasoko du berria. Hala ere, atzo bezain bizirik zaude, eta bihar bezain bizirik zalantzarik gabe. Nola izango du zure herriak, Postan eta Gortean konfiantzarik, holako gezurrak esaten zaizkiola jakiten duenean? Nolako kaltea ez dio ekarriko agindu honek gure lnperioaren osasun eta gobernuari?

- Ondo da -erantzun zuen Enperadoreak, patxadaz-. Zure eginbeharra bukatu da. Eman nizun agindua ezin hobeto bete duzu. Berritsua ez zarela badakit eta nire heriotzaren berria ohi duzun eta behar den bezain isilik edukiko zenuela uste dut. Horrela bada, guk biok bakarrik dakigu ni bihar hilko naizela. Nire heriotzak ekarriko dituen ondorioen jakinaren gainean zaude; esan beraz, halako informazio baten jabe izan eta ez al zaizu hartaz baliatzea burutik pasa?

- Baliatzea, jauna? -galdetu zuen Komandante Nagusiak txundituta-. 

- Ez ote zara konturatu sekretu honen jabe izateak Enperadore bihurtuko zintuela nahi izanez gero?

- Jauna, Enperadore izateko aukerak ez ditu zure heriotzak ekarriko dizkidan ilunpeak argituko.

- Ondo da, hori zen, hain zuzen, entzun nahi nuena. Ipini dizudan froga aise gainditu duzu; espero nuen bezala erantzun duzu. Horrela bada, zure jokaera honek, egin behar nuen aukera zaila -loa hainbestetan kendu didana- erraztu egin dit. Zu zeu izango zara aurrerantzean Enperadore.

- Eta, zer egingo duzu zuk, jauna, bihartik aurrera?

- O! Ez zaitez nitaz kezka! -Erantzun zuen Enperadoreak-.

- Eta Posta? -Galdetu zuen urduri Komandante Nagusiak-. Zer gertatuko zaio Postari?

- O, ez zaitez Postarekin kezka! .-Esan zuen Enperadoreak-.

- Postaz ez kezkatzeko? Posta! Gure lnperioko bitxia! Nire biziko lana! Jauna, nire bizitza osoa erakunde ezin hobe horri emana! -kexatu zen Komandante Nagusia-.

- Ba, huskeria! -esan zuen Enperadoreak, patxada handiarekin-.

- Huskeria? Nola esaten duzu hori, jauna? Gure inperioko bitxia! Nire bizitzako lana! Nire bizitza osoa!
Nire ahalegin guztiak alferrik! Kaka zaharra. Mila demoniok eramango al zaitu, madarikatua!

Komandante Nagusia, haserreak itsututa, bere hatzaparrez lepotik heldu zion Enperadoreari eta estutzen hasi zen. Enperadorearen aurpegi zaharrean heriotza lasai baten irudia agertu zen. Bere kontzientziarekin bakean zegoen. Ondorengoaren izena adierazten zuen lege agiria erori zitzaion eskuetatik.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ALEGIA.- Fábula.
AUKERA.- Egokiera. Ocasión.
AURRERANTZEAN.- Hemendik aurrera, gaurtik aurrera.
BASAMORTU.- Desierto.
BERRITSU.- Hitzontzia. Charlatán/a.
BESTEAK BESTE.- Entre otro/as.
EGINBEHAR.- Betebehar, eginkizun.
ERAGOZPEN.- Traba, zailtasun.
EZ BAZARA FIO.- Ez bazara fidatzen.
GAINDITU.- Superar.
GAINONTZEKO.- Beste, enparaua.
GUTUN.- Eskutitza.
HATZAPAR.- Eskua.
HELBIDE.- Destino.
HUSKERIA.- Nadería.
ILUNPE.- Oscuridad.
ISILPEAN.- Sekretuan.
LANDU.- Trabajado/a, pulido/a.
LEGE AGIRIA.- Documento legal.
MANDATARI.- Bidalia. Enviado/a.
MENPEKO.- Súbdito/a.
MEZULARI.- Mensajero/a.
NABARITU.- Sentitu.
OIHAN.- Baso.
ONDORENGO.- Sucesor/a.
ONDORIO.- Consecuencia.
TXUNDITUTA.- Harrituta, sor eta lor.
URDURI.- Kezkatia. Nervioso/a.
URRUN.- Urrutiko.
 

B2
08-11-1983
16168810
1247