• Type: Others
  • Keywords: eraso, ipuin, sare, arrain, soldadu, enbor, itsasontzi, pizti, mutiko, badia, muino, ezkutu, singapur, ezpata-arrain, platanondo, raja

Muinoa gorria delako


HABE aldizkariaren 27. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Cuentos Populares de Asia, 1, Doncel, 1976, 63-66. orr.

Bada Singapur-en muino koxkor bat, herriko jendeak muino gorria deitzen diona. Bertako zaharrei galdetzen badiezue muinoa zergatik den gorria, beraiek istorio hau kontatuko dizuete segur aski.

Urte asko asko direla, Singapur inguratzen duen itsasoa ezpata-arrainez josita zegoen. Olatutzarrek ekartzen zituzten, eta jendea ez zen ausartzen itsasoan igeri egitera, ezta itsasertzean sartzera ere, piztia horien eraso beldurrez. Arrantzaleei ez zieten bizimodua ateratzen uzten, zeren eta ezpata-arrainek haien sareak puskatu eta haien ontziak hondatu egiten baitzituzten.

Azkenik, Singapur-eko rajak ezpata-arrainetatik libratzeko zerbait egin beharra zegoela erabaki zuen. Badiaren inguruan lerroz lerro jartzeko agindu zien bere soldaduei, arrainik gehiena zegoen lekuan, eta disparatzeko berauei olatuek hurreratzen zituztenean.

Aginduaren arabera, soldaduak lerroz lerro jarri ziren, ezkutu bana eta eskuan lantza bana zutelarik.

Itsasoak gora egin zuenean, soldaduak prestatu ziren, baina ez zuten ezertarako astirik izan, zeren eta ezpata-arrainak beraien gainera jaurtiki baitziren eta orratzak bezain zorrotzak ziren beren ezpatez alderik alde zulatu baitzituzten. Asko bertan hil ziren eta beste gizon-lerro batek har zezala lekua, baina berriro ere arrainek eraso egin zieten. Gauza bera gertatu zen arrainen aurrez aurre jartzen ziren bakoitzean.

Bien bitartean mutiko bat zer gertatzen zen begira zegoen, urruti samar eta leku seguruan. Haren aurpegiak harri eta zur eginik zegoela adierazten zuen. Azkenik, rajarengana hurbildu eta esan zion:

- Zergatik uzten duzu soldadu guzti hauek hil ditzaten?

- Zer besterik egin dezaket, mutiko? Esan zuen rajak.

- Soldaduen ordez badiaren ertzean platano-enborrak lerroan jarriko bazenitu, arrainak bertan geldituko lirateke eta ez litzateke inor hilko -erantzun zion mutikoak.

Raja erabat harrituta gelditu zen mutikoaren ateraldi argiarekin. Orduan ordena eman zien bere gizonei topatzen zituzten platanondo guztiak mozteko, eta murru bat egin zuen badiaren inguruan.

Soldaduek berehala egin zuten esana, platano-baso bat baitzegoen hurbilean.

Handik laster itsasoa gora hasi zen eta ura zuri-zuri jarri zen hainbeste ezpata-arrainez. Olatuak platano-enborrezko murruan hausten ziren, ezpata-arrainak bertara eramanez. Hauen ezpatak platano-enborren mami bigunean sartzen ziren, bertan iltzaturik gelditzen zirelarik.

Itsasbehera hasi zenean, milaka ezpata-arrain galduta gelditu ziren eta orduan soldaduek puskatan zatitu zituzten beren aihotzekin. Hau behin eta berriro gertatu zen, azkenerako itsasoan ezpata- arrain bakar bat ere gelditu ez zelarik.

Raja oso pozik gelditu zen azkeneko ezpata-arraina ikusi zuenean. Baina geroago, mutikoaren bizkortasunean pentsatuz, halako kezka bat sentitu zuen.

-Handitzen denean, mutiko bizkor hau arrisku bat izango da nire tronurako -esan zuen bere baitarako.

Zenbat eta gehiago pentsatu horretan, orduan eta handiagoa zen haren beldurra. Azkenean bere guardien kapitainari eman zion bere beldur handien berri.

Astirik galdu gabe, kapitainak mutikoa paretik kentzea erabaki zuen, rajak horixe nahi zuelakoan.

Gau hartan bertan lau soldadu bidali zituen muino tontorrean zegoen bordara, hantxe bizi baitzen mutikoa. Lotan aurkitu zuten bordan eta bertan hil zuten. Mutikoaren odola muinoan zehar isuri zen eta bertako lurra gorritu egin zen. Egun hartatik, hain zuzen, muino koxkorreko lurra gorria da eta bertan bizi den jendeak Muino Gorria deitzen dio.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AIHOTZ.-Machete.
ALDERIK ALDE ZULATU.- Atravesar de parte a parte.
ATERALDI ARGIA.- La salida u ocurrencia inteligente.
AURREZ AURRE.- Buruz buru, parean. Frente a.
AUSARTU.- Atrebitu.
BADIA.- Bahía.
BERE BAITARAKO.- Bere barrurako. Para sus adentros.
BIZKORTASUN.- Azkartasun, argitasun.
BORDA.- Cabaña.
ERASO.- Ataque.
EZKUTU BANA.- Bakoitzak ezkutu (escudo) bat.
EZPATA-ARRAINEZ JOSITA ZEGOEN. - Estaba plagado de peces espada.
HALAKO KEZKA BAT.- Cierta inquietud.
HARRI ETA ZUR EGINIK.- Erabat harrituta.
HURBILEAN.- Gertu, inguruan,
HURRERATU.- Hurbildu, gerturatu.
ILTZATURIK.- Clavado/as, incrustado/as.
INGURATU.- Rodear.
ISTORIOA.- Historia, historieta.
ISURI.- Derramarse.
ITSASBEHERA.- Bajamar.
JAURTIKI.- Lanzarse.
LERROZ LERRO JARRI.- Alinearse.
MUINO TONTORREAN.- Muino gailurrean.
MUINO.- Colina.
MURRU.- Muro.
OLATUTZAR.- Olatu edo uhin handia.
ONTZI.- Itsasontzi. Barco.
ORRATZ.- Aguja.
PARETIK KENDU.- Quitarse de encima.
PIZTIA.- Alimaña, animal salvaje.
PLATANO-ENBORRAK.- Troncos de árbol de plátano.
PLATANONDO.- Árbol de plátano, bananero, banano. Era berean: sagarrondo, intxaurrondo, gaztainondo ...
SARE.- Red.
TOPATU.- Aurkitu.
ZENBAT ETA GEHIAGO ... ORDUAN ETA HANDIAGO.- Cuanto más... tanto mayor.
ZER BESTERIK.- ¿Qué otra cosa?