• Author: La Fontaine
  • Type: Others
  • Keywords: heriotz, ipuin, alegia, egur, fabula, la fontaine, herio, hurbildu, bizkarreko mina, bizkarreratu, egurzale

Egurzalea eta heriotza


HABE aldizkariaren 23. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

LA FONTAINEren Fabula


Egurzale zahar bat, bizkarrean egur-sorta astuna zeramala, mantso-mantso zihoan basoan zehar. Jota zegoen, izerditan blai, ezinean.

-O!- esan zuen-. Oraindik asko falta da nire txabolaraino iristeko eta ezin dut gehiago. Egurra baino gehiago dirudi honek beruna.

Azkenik, zinez ezin zuen eta, bizkarreko minez ezin eraman eta nekeak jota, plausta erori zitzaion egur-sorta lurrera.

-Zoritxarrekoa ni!, bota zuen, hitz egiteko ere indarrik gabe zegoela konturatuz. Ezagutu ote dut plazerik mundu honetara etorri nintzenetik. Ba ote da ni baino gizon eskasagorik mundu zabalean?

-Seme-alabak badituzu -esan zion handik hurbil zebilen txori txiki batek-.

-Bai, arrazoi duzu -erantzun zion egurzaleak-, baina ez dut beraiei jaten ematekorik ere.

-Etxea ere baduzu eta zintzo zaintzen dizu emazteak, jaurti zion berriro txoritxoak-.

-Etxea deitzen al diozu txabola zahar eta txiro horri? Ez! Zertarako jarraitu? Herioak eramango banindu sikiera! Bake ederra denontzako!

Eta horra herioa hurbildu! Egurzalearen nahia betetzera hurbildu ere.

Gizonak, beldurrak jota, berak nahi omen zuena hain gertu ikustean, zera esan zuen eztiki-eztiki:

-Egurra bizkarreratzen laguntzea nahi dut. Barkatu ausardia; ez da lan handia eta ez duzu denbora gehiegi galdu beharrik izango. Neri, ostera, mesede ederra egingo didazu.
 

IKASBIDEA: Heriotzak dena sendatzen du, baina gizakiek nahiago dute edozer gauza hiltzea baino.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AUSARDIA - Atrebentzia.
BERUN - Plomo.
BIZKARRERATU - Bizkarrera jaso .
DIRUDI - Ematen du.
EGUR-SORTA- Carga de leña.
EGURZALE – Leñador/a.
EZTIKI-EZTIKI - Emeki-emeki.
HERIOA - La muerte (Pertsonaia bezala).
HURBIL - Gertu, hur.
IKASBIDE - Moraleja, lección.
JAURTI - Bota, jaulki.
OSTERA - Ordea.
TXIRO - Pobre, arlote.
ZINEZ - Benetan.

 

B2
08-08-1981
16168712
1338