- Author: Resurrección María de Azkue
- Type:
- Keywords: nafarroa, emakume, literatura, ipuin, seme, alaba, haurdun, diru, errege, ahozko, azkue, jauregi, azti, abokatua, goldaratz
Hiru anaia
HABE aldizkariaren 2. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
Herriz herri eta ahoz aho dabiltzan ipuinetarik bat da honako hau. Herria bera da egilea.
Baina gaur egun, ipuin hauek eta ahozko literatura hilzorian daude. Literatura idatzira pasatu gara eta bien bitartean ipuin asko eta asko galdu egin dira.
Azkueri zor diogu gaurko hau. Nafarroako Goldaratz herritxoan, Andres Astizengandik jaso zuen. Guk hemen, argitaratzeko, pixka bat ukitu eta egokitu egin dugu.
Ikus: RESURRECION MARIA DE AZKUE Euskalerriaren Yakintza, JI - 180-182 orr. Espasa-Calpe, S.A. Madrid, 1966
Aberats batek hiru seme zituen. Bat abokatu egin zuen, bestea mediku. Hirugarrenak ez zuen burubiderik hartu nahi eta aitaren ondoan bizi izan zen aitaren egunetan. Hiru semeei aitak hogeina mila duro utzi zien. Hirugarren seme horrek laster jan zituen bere hogeiak. Anaia abokatuarengana joan zen orduan eta esan zion:
- Nik jan ditut diru guztiak eta ekarri mila duro.
Anaiak esan zion:
- Mutil, zer egin duzu?
- Jan eta edan eta jostatu.
- Nire dirua ere gastatu egingo duzu zuk.
- Ekarri mila duro isil-isilik.
- Tori, bada; baina ez etorri gehiago.
Mila duroak gastatu zituenean, joan zen anaia medikuarengana eta esan zion:
- Nire diruak eta anaiaren mila duroak gastatu ditut. Zuk ekarri beste mila.
Anaia medikuak isil-isilik eman zizkion, hitz hauek gaineratuz:
- Ez etorri gehiago.
Laguntzat azti bat hartu eta gauza asmakorrak ikasten hasi zen. Beste zerbaitez gainera, hau ere ikasi zuen: haur egiteko emakumeak noiz semea eta noiz alaba egin behar zuen. Errege batek berengana deitu eta esan zion:
- Nire emaztea haurdun dago. Semea ala alaba duen asmatzen baduzu hogei mila duro emango dizkizut. Eta bestela, lepoa kenduko dizut.
Mutil horrek esan zion:
- Ekarri zure emaztea, neuk ikusiko dut.
Ekarri ziotenean, hala esan zion erregeren emazteari:
- Ea, andretxo; zoaz pixka bat oinez. Orain itzuli eta etorri. Aski da. Eser zaitez.
Eta erregeri esan zion:
- Zure emazteari, aurrera doala, semetxo bat ikusi diot; itzulita etorri delarik, alabatxo bat.
Erregek esan zuen orduan:
- Eraman mutil hau nire jauregiko leku on batera, eman jana eta edana nahi duen guztia; eta nire andreak semea eta alaba egiten ez baditu, lepoa kenduko zaio.
Handik hiru hilabetera, erregeren andreak gaueko hamaiketan alabatxo bat egin zuen. Errege ilundu zen, semea nahi baitzuen. Deitu zuen mutil hori eta esan zion:
- Horra nolako gezurrak esan dituzun. Alabatxo bat egin du andreak.
Mutilak erantzun zion:
- Aurretik alabatxo bat zegoela esan nizun eta atzetik semetxo bat. Laster etorriko da hau ere.
Hala, solasean zeudela, seme eder bat ekarri zioten erregeri. Orduan erregek salto bat egin zuen pozez eta mutil horri esan zion:
- Tori berrogei mila duro eta zoaz nire leku guztietara.
Egia baldin bada, zakuan sartu.
HIZTEGI LAGUNGARRIA
AHOZKO LITERATURA.- Literatura oral (ahozko literatura / literatura idatzia).
AITAREN EGUNETAN.- Aita bizi izan zen bitartean.
ARGITARATU. -Argitara eman (publicar).
AZTI.- Adivino.
BIEN BITARTEAN.-Entretanto.
BURUBIDE.- Erabakia (determinación).
EGIA BALDIN BADA, ZAKUAN SARTU.- Ipuinei amaiera emateko moldea.
EGOKITU.- Acomodar.
GAUR EGUN.-Hoy en día.
GAUZA ASMAKORRAK.- Asmakizunak (adivinaciones).
HAUR EGITEKO EMAKUMEAK.- Haurdun dagoen emakumeak.
HAURDUN DAGO.- Familia esperantzatan dago.
HERRIZ HERRI, AHOZ AHO.- Era berean: Mendiz mendi, kalez kale.
HILZORIAN.- Hiltzeko arriskuan, hiltzear.
HOGEINA MILA DURO - 20.000 duro bakoitzari.
HONAKO HAU.- Bide beretik: horrako hori, harako hura.
ILUNDU.- Tristatu, triste jarri.
IPUINETARIK.- Ipuinetako, ipuinetariko.
ITZULI.- Bueltan etorri.
ITZULITA ETORRI DELARIK.- Bueltan etorri denean.
JAUREGI.- Palazioa.
KENDUKO ZAIO.- Se le quitará (era inpertsonalean)
NAHI BAITZUEN.-Nahi zuelako.
SOLASEAN.- Hizketan.
TORI.- Hartu! Zerbait ematean erabiltzen den adizkera.
UKITU.- Retocar.
ZOAZ.- Vete {agintera}