• Author: Kultur Atelier
  • Type: Vegetables

Ilarrak arrautzekin

Ilarrak era askotara presta daitezke: urdaiazpikoarekin, entsaladan, kreman, patatekin, arrozarekin…. . Errezeta honetan, ur irakinetan egindako arrautzekin prestatuko ditugu.

Osagaiak, lau lagunentzat:
 -  Ilarrak (800 g)
 -  Urdaiazpikoa (50 g)
 -  Tipulin bat
 -  Bi baratxuri-ale
 -  Lau arrautza
 -  Oliba-olioa
 -  Gatza
 -  Azukrea

 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Kaixo denoi! Gaur ilarrak izango dira gure plateraren oinarria.

Ilarrak era askotara presta daitezke: urdaiazpikoarekin, entsaladan, kreman, patatekin, arrozarekin edo etxean eskura dugun gustuko beste produkturen batekin. Gaur, ilarrak prestatuko ditugu ur irakinetan egindako arrautzekin.
Erraza, goxoa eta osasuntsua! Has gaitezen!

Lanean hasi aurretik gaurko osagaiak aurkeztuko ditugu: ilarrak, denboraldia ez bada potokoak erabil ditzakezue, urdaiazpiko-xerrak, tipulina, arrautzak, baratxuria, oliba-olioa, azukrea eta gatza.

Lehenik eta behin ilarrak egosiko ditugu. Horretarako, lapiko batean, ilarrak jarriko ditugu eta ura botako diegu estali arte. Gatz apur bat ere gehituko dugu. 10-15 minutu inguruan prest izango dira. Guk, potokoak erabiliko ditugu, eta horiek 5 minututan ateratzeko moduan izango dira. Bitsadera edo espumadera batekin ilarrak eta salda bereiziko ditugu.

Jarraian, tipulina eta baratxuria txiki-txiki egingo ditugu. Zartagina berotzen jarriko dugu oliba-olioaren zurrustada batekin eta tipula eta baratxuria saltetatuko ditugu.

Ondoren, urdaiazpikoa txiki-txiki egingo dugu eta salteatu ditugun tipulinari eta baratxuriari gehituko diogu.

Ilarrak ere prest daude. Tipulina, baratxuria eta urdaiazpikoa dauden zartaginera gehituko ditugu ilarrak. Azukre koilarakada bat ere botako dugu zartaginera, eta su baxuan edukiko dugu bost minutuz.

Jarraian, lapikoan geratu den ilarren salda pixka bat botako dugu zartaginera: hamar koilarakada inguru.

Ilarrak, urdaiazpikoa, baratxuria eta tipulina prest ditugu zartaginean. Hurrengo urratsa, arrautzak gehitzea izango da. Hartu lau arrautza eta hautsi zartaginaren barruan. Pauso hau poliki eta kontu handiz egitea gomendatzen da, zuringoek elkar ez jotzeko. Behin arrautzak zartaginera gehituta su baxuan edukiko ditugu bost bat minutuz, salda agortu eta arrautzak mamitu arte.

Ilarrak eta arrautzak prest daude, eta orain platera zerbitzatuko dugu. Horretarako, ilarrak, tipulina, baratxuria eta urdaiazpikoa plateraren erdian ipiniko ditugu koilara baten laguntzaz eta gainean arrautza ipiniko diogu.

Itxura bikaina du honek! Orain, zuen txanda da! On egin!

A2
01-11-2022
29060645
00:04:44
477