Txirrindularitzaren alderdi ezkutuez hizketan

Arritxu Iribarrek eta Xabier Usabiagak asko dakite txirrindularitzaz eta txirrindulariei buruz.

HABE.- Euskal Herriko Itzulia udaberrian izanik, txirrindulariak oraindik ere zaildu gabe etorriko dira hona, ezta? Aldapak lehertu beharrean igoko dituzte...
XABIER USABIAGA.- Bueno, nik uste hori gehiago dela garai bateko kontua. Azkeneko urte hauetan, eta azkeneko urteak esaten dudanean laurogeigarren hamarkadaren hasieran kokatuko nuke garai hau, txirrindularitzak aldaketa nagusia izan du. Espezializazioaren garaia heldu da, konturatu zirelako bide horretatik ia urte osoan, denboraldi osoa, txirrindulari berberek menderatzen zutela. Beraz, espezialistak sortu ziren. Denboraldi-hasiera batzuek kontu handiz prestatzen zuten, eta egun badira helburuak denboraldi-hasieran kokatzen dituztenak. Horiek Tourrean ikusten ditugun beste batzuk bezain argal eta sasoiko egoten dira; Beste batzuk, berriz, denboraldi-erdialdean eta denboraldi-amaieran egoten dira sasoian. Beraz, ez pentsa: orain batzuk, batez ere garaipenaren atzetik datozen txirrindulariak, oso oso zailduta etortzen dira. ARRITXU IRIBAR.- Agian bai egoera horretan egongo direla Tourrean edo gero Bueltan puntan ikusiko ditugun horiek. Euskal Herriko Itzulian, nahiz eta izen handiak izan, ez dira beren sasoi-punturik onenean egongo. Baina, tira, lasterketa irabaztera etorriko direnak... horiek bai, puntu-puntuan egongo dira. Euskal Herriko Itzulira batzuk mejoratuta etortzen dira.
HABE.- Tourra irabaztera dihoazenak kiloak hartuta etorriko dira, ezta?
XABIER USABIAGA.- Ez ikaragarri, baina bai lauzpabost kilo gehiagorekin. Baina ez pentsa hori asko antzematen zaienik! Kontuan izan behar dugu txirrindulari bat sasoiko dagoenean, bere gorputzeko gantza ehuneko lau, ehuneko sei inguruan dabilela. Eta lau edo bost kilo irabazteak ez du esan nahi ezinbestean tripa duenik, baizik eta bere gantz-portzentaia hori pittin bat hazi egin dela. Baina ez pentsa, begirada batean behintzat, hain erraza denik antzematen nork dituen bi kilo gehiago edo nork hiru kilo gehiago. ARRITXU IRIBAR.- Lehen, garai batean, agian bai, ze neguan kilo askoz gehiago hartzen zituzten. Orain, nik uste, gehiago zaintzen direla atsedenean dauden garai horretan ere. Lehen, batzuek hamabost kilo eta gehiago ere hartzen zituzten neguan. Orain hori ere zainduago dute. XABIER USABIAGA.- Zientziak frogatu baitu gehiegizko kiloak hartzeak ez duela ia-ia mesederik egiten, nahiz eta hor ere salbuespenak badiren.
HABE.- Ullrich-en bizkar egin zuten barre-piskat aurreko urte batean, ezta?
XABIER USABIAGA.- Bai, bai. Egia esan, Ullrichen kasua salbuespena izan zitekeen. Gainera, alde batetik, Ullrich bera ere gizon handia da. Egia da zortzi edo bederatzi kilo hartu zituela, eta hori gehiegizkoa da. Lau-bost kilo jotzen da normala, eta hortik gorakoa jada ez da hain normala. Eta, gainera, gero berak aitortu zuen hankasartze larria egin zuela. Irabazi horren kalteak eta ordainak gero Tourrean ordaindu behar izan zituen, epe oso laburrean sasoiko jartzen saiatu zelako. ARRITXU IRIBAR.- Eskarmentua hartua du.
HABE.- Hemengo lasterketetan etxean egiten al dute lo bertako txirrindulariek? Euskal Herriko Itzulian, esate baterako?
XABIER USABIAGA.- Ez, ez. Ze itzuli guztia antolakuntzak prestatzen du. Antolakuntza da talde bakoitzaren hotelak eta prestatzen dituena. Txirrindulariak talde-giroan bizi dira, errekuperazioa askoz ere hobea delako, konzentrazioa askoz ere errazago bideratzen delako momentu horretan ari den lanerako. Garai batean, akaso izango zen, eta gaur egun afizionatu-mailan ere zenbait kasutan gertatzen dira horrelakoak: diruz urri xamar ibili, eta etxera joan behar izatea. Baina profesionaletan, gaur egun espezializazioa eta zainketa eta zientzia hain aurreratua dagoen mundu horretan, horrelakorik ez da burutik pasa ere egiten. ARRITXU IRIBAR.- Egun bateko lasterketetan ere bezperatik konzentratu egiten dira beren hoteletan, eta han gelditzen dira.
Txirrindulariak eta sexu-harremanak
HABE.- Konzentratzeko edo sexu-harremanik ez izateko? Zein da benetako arrazoia?
XABIER USABIAGA.- Egia esan, txirrindularia, konzentratuta dagoenean, dagoenerako dago, lasterketan edo lasterketa irabazteko egin behar duen lana egiteko, edo dena delakorako, ezta? Kontua da egun horietan sexuan ez duela jende askok pentsatzen; akaso itzuli handiagoetan gerta liteke. Azken finean, hori ere behar bat da, eta, bueno, gerta daiteke sexu-harremanak izatea ere. Baina lasterketa bat korritzera dihoanean, ez dut uste inork sexu-harremanak hobesten dituenik. Momentu horretan askoz ere gustukoagoa du lasterketan bere lanbidea ahalik eta hobekien egitea. ARRITXU IRIBAR.- Eta gogorik ere izaten dutenik ere! Hori zalantzan jarri behar, ez?
HABE.- Lasterketa luzeetan beharbada bai, ezta? Hor debekatuta al dituzte?
XABIER USABIAGA.- Ez. Garai batean, bai. Baina hor ere aldaketa handia izan da, izan ere frogatu delako sexu-harremanak, lasterketa baten bezperan, gero ez duela eragin txarrik; eta alderantzizkoa gertatu daitekeela, eragin ona izan dezakeela, batez ere psikologia aldetik, presio asko deskargatzen delako. Ikerketa zientifikoak egin dira. Sexu-harremanak izan eta handik bi edo hiru ordutara, kirolariak bere balore fisiologiko guztiak errekuperatzen ditu. Eta orduan ez dauka zertan kalterik eginik. Atseden-egunak izaten dira itzuli handi batzuetan, eta gaur egunean nahiko normala da inguruko norbait gerturatzea, familia urrutikoa ez baldin bada. Eta badira txirrindulariak, sexu-harremanak izaten dituztenak. Jakina, hori ez da jendaurrera zabaltzen, baina ez dut uste horrek inori kalterik egiten dionik.
Bestelako eginbeharrak
HABE.- Txirrindulariek ez dute intimidade handirik proba handietan, ezta? Txizaren analisiak dituzte, gero odol-analisiak, eta txirrinduaren gainean doazenean ere... txiza nola egiten dute?
XABIER USABIAGA.- Normalean geldituta. Une jakin batzuk baliatzen dira horretarako. Lasterketa-hasieran edo lasterketa-erdian beti izaten dira halako atsedenaldi edo geldiune batzuk, mendate bat jaitsi eta gero... Normalean horrelakoetan egiten da. Baina ez pentsa txiza egin behar ikaragarria izaten denik, eguraldia beroa denean behintzat izerdiaren bidez botatzen baita ura. Pelotoiak baditu halako arau, idatzi gabeko arau batzuk. Txiza egitera norbait gelditzen denean, bata bestearen atzetik errenkadan gelditzen dira, eta une horiek errespetatu egiten dira, eta inor ez da abiatzen. Beti izaten dira salbuespenak. Bakarren batek oso-oso jentiltasun gutxiz jokatu izan du, eta une horiek baliatu izan ditu liderra edo hautsi beharreko aurkaria menderatzeko. Baina normalean gelditu egiten da. Eta estuasun handia baldin bada, bizikleta gainetik egitea ere ez da hain zaila.
HABE.- Gainetik, edo soinean egitea besterik gabe?
XABIER USABIAGA.- Baitare, baitare. Segun zein une den, unearen araberakoa izaten da hori ere. Gainean egindakoak, eta ez bakarrik, beherakoak ere izaten dira... Nik uste dut nahiko sonatua egin zela 1989an, Greg Lemond-i Alpeetako etapa batean gertatutakoa. Han denak gainera etorri zitzaizkion, eta han berarekin batera ihesaldian zihoan batek, uste dut, Lemond-en beherakoaren zipriztinen bat edo beste jaso zuela aurpegian. ARRITXU IRIBAR.- Nik ere gogoan dut piska bat lehenago, Euskal Herriko Itzuli batean, helmuga Zarautzen, eta Kas taldean Kelly-rentzat esprina prestatzen Prieto, tiraka, izugarrizko beherakoaz. Azken kilometroak izugarriak izan ziren. Bera tiraka jarri, eta zuloa egiten zen atzean. Arrazoia inork ez genekien zein zen, inor gurpilean sartu nahi ez, eta gero argitu ziguten helmuga-puntuan. Bueno, argitu... ezer ez zuten esan, ze usaina nahiko nabarmena izan zen.
HABE.- Beherakoak utzita, lehorreriara joko dugu orain. Indurainek lehor-fama zuen kazetarien artean, ez zuela erraz hitz egiten.
ARRITXU IRIBAR.- Indurain neretzat oso pertsona ezberdina da ezezagunentzat eta ezagunentzat edo berarengana hurbiltzen zirenentzat. Kanpotik, bai, eman dezake itxura hori, lehor eta distante eta hotza eta... Baina, gero, benetan bera ezagututa, ez dut uste horrelakoa denik Miguel Indurain.
HABE.- Baina ez zen erraza izango hari elkarrizketak egitea?
ARRITXU IRIBAR.- Zaila ez. Bera mutur-muturrera heldu zenean, noski, kontrolatu egin behar zuen. Ze imajina ezazu egunean zenbat jende hurbiltzen zen berarengana elkarrizketa-eske eta, noski, guztiei ezin baietz esan, edo antolatu egin behar elkarrizketa horiek. Ez zen ezezkoa; antolatu egin beharra gehiago. Eta normal hurbilduz gero... Neri behintzat inoiz ez dit ezezkorik eman. Are gehiago, euskaraz egiteko ere arazorik ez zidan jarri. Espainiako Itzuli batean, 91an, Itzulia amaitu baino bi etapa lehenago, gogoan dut euskarazko elkarrizketa onartu zidala. Aurreko egunean eman nizkion galderak, berarekin prestatu galdera-erantzunak, ensaiatzen egon zen, eta hurrengo egunean euskaraz egin genuen, baina inolako arazorik gabe.
HABE.- Bera ere euskaraz?
ARRITXU IRIBAR.- Bai, bai. Prestatuta, irakurrita, baina.


12-31-1969
16527263
3096