Zainketaren teoria: Panopticon

Interneteko foroetan estatuen etengabeko espioitza askotan aipatzen da. Baina gaia ez da oraingoa, jadanik 18. mendean izan zen kartzela berezi baten proposamena.

Eraikin biribil bat da Panopticon delakoa, erdian zainketa dorre bat duena eta inguruan presoen ziegak. Modu berezi baten ereaikiko lirateke, honela ziegan legokeen pertsonak sekula ez luke jakingo zelatatua ote den.

Ideia nagusi horretatik abiatuta zainketaren teoria oso bat abiatzen da. Panopticon kartzela gisa proposatu zuen Jeremy Bentham (1748-1832) filosofo ingelesak.

Panopticona ("guztia ikusi") eraikin zirkular gisa diseinatu zen. Diseinuaren bidez lortzen zen presoak inoiz ez ikustea (ez somatzea) zaindaria, hau erdiko dorrean dago. Presoak inoiz ez du jakingo zelatatua ote den. Honela presoaren ziurgabetasuna litzateke zainketa metodoa.

Michel Foucault filosofoak Panopticismoaren eragina aztertu zuen 1975. urtean "Diziplina eta zigorra" lanean.

"Panopticonaren eragin nagusia da presoarengan txertatzea beti ikusgarri dagoelako kontzientzia, honela sistemaren funtzionamendu automatikoa ziurtatuz. Honela zainketa etengabea da ondorioei dagokienez, nahiz eta berez etena izan. Sistema guztiz perfektua bada, etengabeko zaintzarik ez da beharko; laburbilduz presoak mendekotasunean harrapatuta daude beraiek direlarik menderatzaileak.

Egoera hau lortzeko presoa ez da maizegi zelatatu behar, horrela ez du jakingo noiz den zelatatua, baina ezta gutxiegi ere, izan ere zelatatua izanaren ondorioak sentitu behar ditu.

Bentham-en ideia nagusia hau da: botereak ikusgarria izan behar du, baina ez egiaztagarria. Ikusgarria: presoak beti edukiko du begien aurrean erdiko zelatatze dorrea. Ez egiaztagarria: presoak ez du jakingo berari begira dauden, nahiz eta jakin hala egon daitezkeela.

Panopticona ikusi eta ikusia izan bikotea hausteko makina da."




C1
04-27-2000
16518747
1565