Badaezpadako bankuak

Errege familiak eta beste haundikiak beraien jaioberrien zilbor-hesteak banku pribatuetan gordetzen ari dira. Etorkizunean terapia genetikoetan erabiltzeko asmoa dute. Bioetikan eta zuzenbidean adituak egoeraren berri ematen digu irratsaio honetan eta, besteak-beste, oraingoz erabil ezinak direla azaltzen digu.

Egunotan hedabideetan azaldu denez zilbor-hesteko odolaren banku pribatuak baimendu asmo du Espainiako Gobernuak. Zilbor-hestea ama-zelula hematopoietikoen (odol-zelulen) sorburuetako bat da. Zelula horiek odolarekin zerikusirik duten gaixotasun batzuk tratatzeko erabiltzen dira hezur-mamiaren transplantearen ordez: leuzemia (haurren leuzemia barne) eta anemia forma batzuk, nagusiki. 1996. urtean sortu ziren Europan zilbor-hesteko zelula hematopoietikoen lehen bankuak. Espainian sei ospitale publikok dute egun horrelako bankurik, denak ere ama berrien atalean kokatuak. Banku hauek gordetzen dituzten odol laginak dohainik emandakoak eta anonimoak dira, Transplanteen Nazio Erakundearen (TNE) barruan daude eta beharra duen edonor sendatzeko erabiltzen dira; nahiz eta, baden bilduma berezi bat gaixotasun horiek dituzten edo izan ditzaketen familientzako. Bilduma berezi horretan leuzemia duen anaia edo arreba baten ama-zelulak bakarrik gordetzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago horrelako bankurik, nahiz eta egunotan entzun dugun Osakidetzan halako bat sortzearen aukera aztertzen ari direla. Izan ere, sektore publikoko zilbor-hesteko gordailuek erabilpen gero eta handiagoa dute, eta ume eta heldu asko sendabidean jartzeko balio izan dute dagoeneko. Asturiasko Printzeen alabaren kasua (Tucsongo, Estatu Batuetako, odol-banku batera bidali dituzte Leonorren ama-zelulak) zabaldu zenetik, ordea, transplante autologorako banku pribatuak sortzeko eskabidea da hizpide. Estatu Batuez gain, Belgikan eta Britainia Handian zilegi dira horrelako badaezpadako bildumak non jaio berriaren odol-lagina izen abizenekin eta bere mesedetan zein familiak aukeratutako beste edonorentzat erabiltzeko gordetzen den. Zerbitzu hau eskaintzen duten enpresek 1.500 euro inguru eskatzen duten zilbor-hesteko odolaren prozesamenduagatik eta gordetzeagatik, urteko 500 euro.
Espainian ez dago banku pribatuen gaineko araudirik, baina, hasiera batean beste zerbait esan bazen ere (2006ko otsailaren 3an), Osasun Ministerioak horiek baimentzeko asmoa duela adierazi du (2006ko martxoaren 7an). Elena Salgado ministroak dio TNEn integratutako banku «mistoak» onartuko dituela. Estatuan 450.000 ume jaiotzen da urtean, eta sistema publikoak 20.000 zilbor-heste besterik ez omen ditu gordetzen; aldiz, banku pribatuak onartuz gero, bertan gordetako laginek umearen genotipoa TNEren datu basean gordetzeko obligazioa izango lukete, eta beharra balego baliabide biologiko pribatu horiek ere erabili ahal izango lirateke edonor sendatzeko. Zilbor-hesteko odol-laginen banku pribatu hauen negozioa transplante autologoan oinarriturik dago, beraz. Ministroak esan ez duena da, ordea, zilbor-hesteko zelulen transplante autologorik ez dela inoiz egin. Europako Batzordeko Zientziaren eta Teknologia Berrien Etika Erakundeak (ZTBEk) 2004ko txosten batean adierazi zuen gordetako zelulak ez dutela balio umearen leuzemia sendatzeko: umetako leuzemiak oinarri genetikoa izan ohi duenez, eta gordetako odol-laginek arazo genetiko hori bera dutenez, ez baitute balio transplanterako. Aipaturiko txostenak dio, oraingoz, transplante autologoaren indikazio bakarra helduen aplasia (kimioterapiaren zein radioterapiaren ondoriozko gaitza) sendatzeko dela; baina, aplasiarako transplante mota hori ez da derrigor gaixoaren zilbor-hesteko zelulekin egin behar, nahikoa baita haren odol periferikoaren ama-zelulak erabiltzea; beraz, zertarako gorde? Zientziak odolaren gaixotasunak zelula hematopoietikoen autotransplantearekin sendatzeko aukera irekiko balu ere, jaiotakoak lehen 20 urtetan transplante autologoa behar izateko aukerak 20.000tik 1ekoak dira.
Esperantza saltzea ez dago debekatua, noski, baina engainatzea bai. Besterik ez bada ere, kontsumitzaileen arautegiak dio saltzen dizkiguten osasun-produktuek argi eta garbi adierazi behar dutela zertarako balio duten eta zein diren beren mugak. Horrek badaezpadako bankuentzako ere balio du.




C2
03-17-2006
  • Alkorta , Itziar
16514536
2882