Docutec
Mikel Zalbide: "Mintzajarduna indartzeko ekimenak dira osasun-bide sendoenak"
Mikel Zalbide da euskaltzain oso berria. Hemendik aurrera, Patxi Altuna zenaren hutsunea beteko du Zalbidek, hala erabaki zuelako gehiengo osoz, Euskaltzaindiaren osoko bilkurak, apirilaren 27an Urnietan egindako bozketan.
Mikel Zalbide zen Patxi Altuna euskaltzain zenaren hutsunea betetzeko hautagai bakarra. Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo eta Henrike Knörr euskaltzainek aurkeztu zuten.
Galdera.- Orain euskaltzain oso izendatu zaituzte, baina 1983az geroztik urgazle izan zara. Iker eta Jagon sailetan ibilia zara, Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektuaren sorreran lan handia egin zenuen.
Erantzuna.- Egia da, diozun moduan, etxea lehendik ere ezaguna dudala. 1976 inguruan izan nituen lehen harremanak, Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ganbara-partean zuen egoitza xume baina bizi hartan. Laurogeiko hamarkadan, batez ere 1983tik aurrera, lotura-bide zuzena izan nuen Akademiarekin: bai urgazle gisa eta bai Herri Aginteen (batez ere Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren) eta Euskaltzaindiaren arteko antolamendu-lanetan. Barruko lanari dagokionez, Hiztegigintza-batzordean izan nuen parte-hartzerik biziena. Jagon sailean ere, neurri apalagoan, parte hartu nuen. Batzordearen idazkari izana naiz bietan.
Hori guztia egia izanik ere, bistan da besterik dela euskaltzain oso gisa hileroko bere jardunean eta aldian behingo erabakietan parte hartzea. Gauza berria da hori niretzat, eta oraingoz entzutea, ikustea eta ikastea dagokit.
G.- Euskararen esparruan, terminologia teknikoari eta zientifikoari dagokionez, ez da txikia orain arte eman den aurrerakada. Zer geratzen da egiteko eta zein izan daiteke Euskaltzaindiaren ekarpena?
E.- Errazena egin da orain arte: jakintza-atal jakinetako hitz-zerrendak eta definiziobideak prestatu dira, eta hiztegi edo glosario modua eskaini. Orain dator zailena: paperean (gehienetan elkarren lehian) ezarrita dauden hitzak eta hitzarteak hiztunen (hitz horien beharrean dauden profesionalen) ezpain-lumetaratzea. Lan gaitza da hori. Hizkuntzalaritzaren eta lexikografia teknikoaren mugak gainditzen dituena, nolanahi ere.
Hitz bat aurrera aterako bada (edota ustez hobea den beste batez ordezkatuko bada) gizarte-ingurumenezko baldintza jakinak behar dira: profesional horiek hitz horien beharra sentitu behar dute, batetik (eta horretarako, jakina, euskarazko jardunak bere lekua eta ohitura eskuratua izan behar du esparru horretan); bestetik, proposatu zaien hitza gustukoa izan behar dute profesional horiek, buruz ikasia eta beren mintzajardunean ongi txertatua; eta horren guztiaren ondorioz, azkenik, luze-zabaleko adostasunez erabili behar dute, eta (partez bahintzat) belaunaldi gazteagoetara transmititu. Hori guztia gabe, ezer gutxitarako dira era bateko edo besteko terminologia tekniko-zientifikoak.
Ikusteko dago, Euskaltzaindiak zer leku izango duen esparru horretan. Orain arte behintzat, beste eginkizunetan izan ditu bere lehentasunak.
G.- Hizkuntza "boteretsuen" eta gutxituen arteko harremana. Non dago gakoa? Zure ustez, zelan ziurtatuko dugu euskararen etorkizuna?
E.- Ahuldutako hizkuntza da euskara, alde askotatik begiratuta. Neurri llaburreko hiztun-elkartea gara aspaldidanik, hasteko. Gizarte-berrikuntzaren eta urbanizazioaren ondorioz erdaldun elebakarrekin (edo erdaraz diharduten hiztun-idazle elebidunekin) gero eta nahastuago bizi gara, eta euskarazko harreman-sareen trinkotasunean eta kontzentrazio-mailan eragin bizia du horrek. Erdarak (batak zein besteak) euskararen espazio fisiko osoa bereganatua du joan den mendean, aldi berean euskara hutsezko hiztun-taldeak (ohiko funtzio-esparru guztietan euskara hutsez ari direnak) desagertu egin direlarik eta euskararen nagusitasunezko lurralde-esparrua murriztuz joan delarik.
Belaunez belauneko transmisioan galera nabarmenak izan ditu hizkuntzak azken berrehun urtean. Eta, hori guztia aski ez balitz, espazio soziofuntzionalean (onerako eta gaitzerako) hain nabarmen markaturik genuen konpartimentazioa (hots, diglosia) ia erabat galdu dugu azken berrogeita hamar urtean: behinolako diglosia horren arabera idatzizko esparru gehienean, ikasketen eta agintaritzaren jardun-esparru formalean eta goi-mailako status sozialari loturikako harreman-sareetan erdara izan ohi zen jaun eta jabe; hitzezko jardunean eta etxean, familian, auzoan eta lagunartean, herri-bizitza hurbilean eta ohiko lan-esparruan, aldiz, euskara izaten zen aurrez aurreko harreman gehienetan nagusi. Moldaera hura apurtu egin da, ia erabat, eta diglosiarik gabeko elebitasunaren bidean barrena goaz, gero eta azkarrago: lagun arteko hitzaspertu lasaiak, maitasun-hitzak eta gorrotoak, txisteak eta haserreak erdaraz azaltzen dizkiogu elkarri (are euskaldunon artean) gero eta sarriago. Aldiz, lehen ez bezala, medikuntzaz eta linguistikaz, filosofiaz edo fisika nuklearraz tesi doktoralak euskaraz egiten dira orain, edota Kant-en lanak zein sona handiko filmak euskaratzen.
Gure hizkuntzaren salbamena goi-mailako zabalkunde horretatik datorrela uste izaten dugu sarri. Bistan da, jakina, kalterako ez direla saio horiek. Eguneroko bizibide arruntean geure arnasgune segurtaturik (euskaldunok egunez egun osaturik eta erdal munduak kontsentsualki onarturik) ez dugun artean, ordea, nekez ekar dezake gorabide horrek, euskararentzat, probetxu handirik. Espazio soziofuntzionalen garrantzia ez da gutxiestekoa. Irakaskuntzaren alorreko saioa, hainbat aldetatik ezinbestekoa, motz gelditzen da hizkuntzaren espazio soziofuntzional barrenkoi-intimo hori segurtatzeko orduan, eta oso motz bere eragina (etxetik erdaldun diren umeekin ari delarik) hartara zabaldu nahi duenean. Irakasle-jendeak daki, inork baino hobeto agian, egia horren berri.
Eguneroko mintzajarduna, aurrez aurreko solaskideen gatz-piperrez oraturiko berbakera bizia, hori izan ohi da nonahi hizkuntzaren bihotz eta hauspo.
Mintzajardun hori indartzera datozen ekimenak, batez ere bere buruari eusteko eta belaunez belaun transmititzeko gai direnak: horiek dira gure hiztun-herriaren osasun-bide sendoenak. Horien arabera antolatu behar genituzke gure lehentasunak eta ekimen-saioak, euskara indarberritu nahi badugu.
G.- Europako Parlamentuak ateak itxi dizkio euskarari, baita katalanari eta galegoari ere. Zein da honi buruzko egiten duzun balorazioa?
E.- Aurreko puntuan erantzunik diot, neurri on batean, oraingo galdera honi. Zerbait eranstekotan, zera esango nuke:
1)Plano politiko-juridikoan hartzen diren erabakiak garrantzitsuak dira, noski: bai berez sor dezaketenagatik eta bai, bereziki, lehendik eskuratua dagoen status baten aitormen gisa duten balio sinboliko eta operatiboagatik.
2) Luzera begirako ondorio efektiboak ekartzen dituzte ordea, ekartzen dituztenean, horrelako ekimen gehienek. Gaixotasun larrian dagoenak, berriz, berehala nahi eta behar du osagarria.
3) Euskararen egungo osasun-egoera kontuan izanik badago aurreragoko, egingarriagoko eta eragimen biziagoko zereginik: hirugarren puntuan zentraturiko langintza sendo eta jarraikia, batzuek eta besteek ahal den neurrian adostua eta ebaluazio-lanetan oinarrituz hobetua, hori dugu lehentasunezko esparrua. Hor aurrera egiten badugu, Europako aitormenak ez dira urruti ibiliko. Hori gabe, aldiz, alferrik ditugu kanpoko aitormen guztiak.
