Kritikaren norabideak baratzarik xumeenean

Haur literaturari buruzko kritikaren inguruko artikulua. Kritikaren lekua eta zeregina ditu hizpide. Haurrei zuzendutako literatura "bitartekari" baten bidez heltzen da haiengana, honek baldintzatzen du literatura eta kritika.

MANU LOPEZ GASENI /

Kulturaren edozein arlotan aurrera egiteko, gauzak hobetzeko eta kontsumitzaileei norabideak markatzeko, kritikaren beharra egon izan da. Hala ere. kritika, oro har, ez da jendearen gustuko gauza, usain txarra hartu ohi zaio, mesfidantzaz begiratzen. Zergatik ote? Dudarik gabe, kritika boterearekin parekatzen dugulako subkontzientean, alegia, goitik arautu eta epaitzen duen zer ilun batekin identifikatzen dugulako. Baina ez da beti horrela izaten, ezinbestean. Jakina denez, kritika mota asko daude, eta kultura-kontsumitzaile arruntarengandik hurbilen daudenak kritika informatiboak edo dibulgaziozkoak dira: egunkarietako kultura gehigarrietan argitaratzen diren horiek, hain zuzen, eta horien egileak, «larunbat goizeko kritikariak», ez dakit nik kulturaren botere iluneko parnasoetan bizi ote diren. Bestelako kritika motetan ere denetarik dago eta, orokorrean, obra baten nolakotasunez zintzo mintzatzen zaizkigun hartzaile bereiztutzat har daitezke, berdin artean, musikan zein literaturan.

Baina natorren gure arlora, haur eta gazte literaturaren baratze xumera. Gurean inon baino gehiago entzun dira kritikaren aurkako ahotsak; eta ez gaur egun bakarrik. Arrazoia begi-bistakoa da: haur eta gazte literatura haur eta gazteek irakurtzekoa baldin bada, haur eta gazte horiek erabaki beharko dute zer gustatzen/komeni zaien. Aitzakiarik gabeko argudioa dirudi, baina, sakonago aztertuta, gauzak ez dira itxuraz diruditen bezain sinple.

Hasteko, haur eta gazte literaturaren errezepzioaren azterketa egiten denean, besteetan ez bezalako elementua ageri ohi da: bitartekaria. Bitartekari mota asko daude, baina, funtsean, haur eta gazteei zer irakurri aholkatzen, aukeratzen edo erosten direnak dira: kritikariak, maisu-maistrak, bibliotekariak, gurasoak... Frogatuta dago. orobat, haur liburua inuzentea ez den era berean, idazlea ere ez dela batere inuzentea, eta idazten duenean gogoan daukana ez dela haur bat edo haurraren irudi ideala (soilik). baizik eta bere obrari oniritzia edo nihil obstat literarioa emango dion heldua (ere). Idazleak ez du nahi helduek pentsatzerik ume kontuetarako bakarrik balio duen idazle ergel bat dela. Alde horretatik esan daiteke haur eta gazte liburuak begi batez helduei begira idatzita daudela.

Bestetik, haur eta gazte literatura ez da literatura soila (tira, batzuen ustez literatura ere ez da, Crocek eta Feriosiok bere garaian frogatu nahi izan zuten legez). Haur eta gazte literaturaren aztertzaileek garbi bereizten dute alderdi literarioa, alderdi pedagogikoa eta are alderdi psikologikoa ere, gutxienez (alderdi didaktiko morala ere aintzat hartu izan da batzuetan). Literaturaren aldetik, zera litzateke aztertu beharrekoa: adin bakoitzeko umeek nola jasotzen dituzten testu jakin batzuk testu literario gisa eta nola doazen literatur konbentzio gero eta konplexuagoak bereganatzen: narrazio teknikak, ahotsak, egitura konplexuak, irakurlearen parte-hartzea eskatzen duten liburuak... Beste hitz batzuetan esanda. helduak direnean irakurle iaioak (eta kritikoak) izatera iristea da helburua.

Pedagogiaren aldetik, berriz, liburuek eskaintzen eta erakusten duten mundu ikuskera da axola duen elementuetako bat. Esan dut lehenago haurrentzako liburuak ez direla inuzenteak, eta horretan ere badago zer aztertua. Izan ere, haur liburuek, nahitaez, mundu ikuskera bat proposatzen dute. Garai bakoitzeko balio-sistema desberdina da (eta garai bakoitzean balio-sistema desberdinak daude aldi berean) eta umeak oso permeableak dira. Gaur egungo haur liburu batzuetan askotariko gaiak agertzen dira: familia eredu eta hierarkia berriak, kultur aniztasuna, genero borroka eta hezkidetza, gaixotasuna eta heriotza. gerrak eta gatazkak, amodioa eta sexua, hiriari gizatasuna kentzea, mass-medien kritika, etab. Alde horretatik, haurraren sozializazioa bilatzen da. Testuinguru jakin batean bizi dela erakustea.

Alderdi psikologikoak liburuetako edukiak, edozein direlarik ere, haurrek egoki bereganatzeko bideak aztertzen ditu. Hortxe dago, esaterako, umorearen nagusitasuna haur literaturan, edo liburuen graduazioa adinaren arabera, fantasiaren eta elementu magikoen beharra, pertsonaiekiko identifikazioa, eta abar. Oraingoan, egokitzapen psikologikoa da helburua.
Aipatutako elementu guztiak aintzat hartuta, eta euskaraz daukagun produkzioa (jatorrizkoa eta itzulitakoa, noski) aurrean dugula, goragoko bitartekari helduek baloraziorako tresna egoki eta eraginkorrak dituztelakoan nago. Haurra ez da betirako haur, eta haur eta gazte den bitartean irakur ditzakeen liburuak ez dira mugagabeak. Horrexegatik iruditzen zait ondo (edo gutxienez zintzo) aukeratu beharra dugula. Zer-nolako haurrak hezi nahi ditugun ikusita, halako liburuak eskaini behar dizkiegu, kalitate literarioa inolaz ere ahaztu gabe.

Horixe da, nire ustez. haur eta gazte literatur kritikaren zeregina: akritikoaren itxurak egiten dituen eta «denak balio du» saldu nahi digun literatur mundutxo honetan norabideak bilatzea. Baina kritikariaren lana ez da batere erosoa, beti egongo delako ados ez dagoen norbait. Baina hori da literatur testuaren beste ezaugarri bat, irakurketa aniztasuna. Lan hori nork egin behar duen besterik da. Borondate ona esan gabe doa, baina, horretaz gain, prestakuntza eta irakurketa neketsuak egitea ere eskatzen du.

Azkenik, plataformen auzia aipatu nahi nuke: haur eta gazte liburu kritikak plazaratzeko toki egokien beharra dago. Batzuetan, helduen literatur kritikarekin nahasian agertzen dira eta, bestetan, jostailuak bailiran, umeen denbora-pasarako orrialdeetan. Hori guztia haur eta gazte literaturaren duintasunaren alde. Ez da gutxi.




C2
01-25-2002
  • Lopez Gaseni, Manu
16426097
2075