Anna Klimova, euskara ikasten ari den errusiarra

Anna Klimova errusiarra da, baina Alemanian bizi da, Frankfurten. Hizkuntzalaritza konparatzailea ikasten ari da han eta Moskun zegoela izan zuen euskara eta Euskal Herriaren berri.

Ez daki ez gaztelaniaz ez frantsesez, euskaraz ongi moldatzen bada ere. Uztailean Euskal Herrira etorriko da, Zornotzako Barnetegira, euskara sakontzera.

Argazkiak: Anna Klimova

Nongoa zara eta non bizi zara orain?
Errusiakoa naiz, nire gurasoak Vladimirren bizi dira. Moskuko Unibertsitatean ikasi dut. Orain Frankfurten bizi naiz eta Goethe Unibertsitatean kaukasiar hizkuntzak ikasten ari naiz, euskaraz gain.

Noiz izan zenuen lehenengo aldiz Euskal Herriaren berri?
Mosku­ko Unibertsitatean, hasi berria nintzen, eta Hizkuntzalaritza Orokorra ikasten nuen. Orduan jakin nuen Europan hizkuntza isolatu bat zegoela.

Nolakoa da Vladimir, zure jaioterria?
Vladimir ez da oso handia, Errusiako hiria izateko. Frankfurt bezain handia da. Vladimir oso hiri zaharra eta polita da, Errusia zaharraren hiriburua izandakoa. Vladimirren leku ikusgarri asko dago. Antzinako eliza ortodoxo asko. Baita bi unibertsitate ere.

Vladimir hiria

 

Zer dela-eta etorri zinen Frankfurtera?
Gehiago ikasi nahi nuelako. Lizentziatura Moskuko Unibertsitaten egin nuen. Eta orain hizkuntzalaritza konparatzailea ikasten ari naiz hemen. 
Georgiera, georgiera zaharra, udiera, eta  Kaukasoko beste hizkuntza batzuk ikasten ari naiz. Lana ere egiten dut, ikasketak ordaindu ahal izateko.

Zer da euskaldunengan gehien maite duzuna (sukaldaritzaz gain)?
Lazkaon oso ondo jaten zen. Egunero janari ona eta pila bat. Loditu egin nintzen. Bestela, kaleko giroa maite dut Euskal Herrian, herriko jaiak, azokak... Euskaldunik ez dut gertutik ezagutzen eta ezin dut esan nolakoak diren.

Nolakoa izan zen zure lehenengo eguna Euskal Herrian?
Gogorra. Goizeko lauretan heldu nintzen autobusez Donostiara, bakarrik. 
Alemaniatik bidaia luzea da eta oso nekatuta nengoen. Eguna argitu gabe zegoen eta euria ari zuen. Geltoki batetik bestera joaten busti egin nintzen. Hotz nintzen eta triste. Aleman-euskara hiztegia eta ikasliburua eskuan nituela eseri nintzen tren-geltokian, eta orduan topatu nuen lehen euskalduna, mutil bat. Ez gaztelaniaz ez frantsesez ez nekienez eta berak ingeles gutxi, hiztegian begiratzen genituen hitzak elkarrekin hitz egiteko. Euskara oso zaila dela esan zidan.
Nire lehen esaldia berriz, Frankfurten ikasi nuen: Garagardo bat, mesedez?
Hurrengo egunean, argazkiko Natalia ezagutu nuen Lazkaon eta mendira joan ginen arratsaldean. Basoan galdu ginen eta hura ere oso gauza bitxia izan zen. Errusian ez dago halako basorik! Garoz betea.

 

 

 

Ezkerretik eskuinera, Natalia eta Anna Lazkaon, biak errusiarrak dira.


 

Etxepare Institutuak diru-laguntza eman dizu aurten Zornotzako barnetegira joateko. Pozik zaude?
Honek poz handia eman dit! Euskal Herria asko gustatzen zait. Eta hizkuntza berri bat ikasteko aukera ona da, lan hobea aurkitu ahal dut-eta.

 

 

 

Anna, Lazkao inguruko basoetan galduta.

 

 

 

 

Euskara ikasten ari diren errusiar gehiago ezagutzen duzu?
Bai, Natalia Erseyeva, adibidez, nirekin Lazkaon egon zena. Georgiar-errusiarra da neska hau eta Erromanistika ikasten du Moskun. Euskara ere hartu du ikasgai, iberiar eremuko hizkuntza bat delako.


Interesting for you



A1
06-21-2012
  • Elena Martinez Rubio
16361164
10587