Hizpideren 81. zenbakia kalean

Atera berri da Hizpide aldizkariaren 81. zenbakia; hain zuzen ere, 2013ko iraila-abendua lauhilabetekoari dagokiona.

“Bestelako lankidetzak” sailean, bi artikulu plazaratu dira. Lehenengoan, Babelium proiektuaren berri eman dute Juanan Pereirak eta Inko Perurenak. Eta, bigarrengoan, Nekane Gallastegiren artikulua dugu: “Zuzenketak nora, idazlanak hara” du izenburu irudiz eta konparazioez jantzitako gogoeta honek.
“Bestelako iturrietatik” atalean, berriz, bi artikulu itzuli dira zenbaki honetan. Aurrenekoan, online ikastaroetako parte-hartzearen taxonomia bat proposatu zuten Baltimoreko Unibertsitateko Bento, Browstein, Kemery eta Zacur-ek, zeina interesgarria izan daitekeen gurean. Eta, ondoren, Elisa Herguetaren ekarpen bat eman dugu argitara: “Zabaldu ditzagun ateak: nonahiko ikasketa eta HIKT”; besteak beste, IKT horri beste letra bat gehitzea proposatu du, harremanei dagokien H-a, hain zuzen.
Bukatzeko, “Geure mundutxoa”ri begiratu bat ematen zaio, Eskarne Lopetegi eta Esther Isasaren eskutik. Hainbat birmoldaketa egin eta eragindako bilakaeraren ondoren, gaur egungo Ikasbil webgunearen nondik norako nagusiak aurkeztu dituzte.

12-05-2013
16293461
1472