Artadi
Gaur egun, teknologiarik aurreratuenek kontrolpean duten mundu honetan, ordenagailu, mugikor, auto edo hegazkinak direlarik berogailua edo iturrian ur beroa izatea bezain gauza arrunta, ez da lantegi erraza iragan hurbila gogoratzea. Kosta egiten da, halaber, ohartzea emakumeek iragan horretan zuten egoeraz, pentsatzea ez zutela hezkuntzarako sarbiderik, ez eta lan duina egiteko eskubiderik ere, ez bazen etxean edo beren ingurunean. Elisa, Aurora, Manuela, Isabel, familia bereko lau belaunalditako emakumeak, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera bizitakoak, etsai duten gizarte batean bizi eta borrokatzen dira. Gizarte horretan, adingabetzat zituzten emakumeak hogeita bost urte bete arte, ama izanik ere, eta aitaren edo senarraren agintepean bizitzera behartuta zeuden baina debeku eta muga horien gainetik, gerra, pandemia, gizarte liskarren gainetik, lortzen dute bizirik irautea eta senide eta lagun maiteak aurrera ateratzea.
EGILEA: Toti Martínez de Lezea
ITZULTZAILEA: Miren Arratibel Garmendia
ARGITALETXEA: erein
ARGITALPEN-URTEA: 2023
Hona pasarte bat (7. or.):
Hogei urteko ezkontzaren ondoren, Jainkoak eskainitako mirari gisa hartu zuen Elisaren jaiotza amak; bat-bateko lau hilaurtzek eta beste hainbeste ume akastun jaiotzean hilek galarazi zioten haur osasuntsu batez -kasu honetan, alaba batez- erditzeko itxaropen oro. Emakumea ez zen nekatzen alaba arakatzeaz, ezer falta ez zitzaiola behin eta berriro begiratzeaz, beti hari so egoteaz, alamenean lo zuela, sehaskan, ametsa bere zain igarotako urte haietan bere eskuez brodatutako parpailez jantzirik. Begiak malkotu eta irribarrea ezpainetan, eskerrak eman eta eman aritzen zitzaien Ahalguztidunari, Ama Birjinari eta santu guztiei bere erreguei erantzuteagatik eta bizitza bera jokoan jartzeraino irrika zuen desira betetzen uzteagatik.