Puskak
Irene Pujadas idazle kataluniarraren lehen liburuak 21 narrazio labur biltzen ditu, gai arruntetan oinarrituak eta umore beltzez blaituak: puskatzen diren jaioberriak, merendolak hil hurrenekin, euli matazak dantzan, Johnny eta Jenny, Jenny eta Johnny, amaren atun-latak eta tomate-poteak, sudur berria duen senar ohia, edan eta elkar larrutzeko geratzen diren señorak, herrixketatik ihesi doazen bandalo alegerak...
Egilea: Irene Pujadas
Itzulpena: Amaia Apalauza
Argitaletxea: Igela
Argitalpen urtea: 2022
Hona pasarte bat (9.or)
Bi istorio kontatu zizkidaten, laguntzeko intentzio guztiarekin, haragia xehatzeko makinatik pasatuta bezala geratutako haur jaioberriei buruz. Lehendabizikoa pisu bateko atarian hasten zen. Etxearen perimetroaren barnean, emakume bat; etxearen perimetrotik kanpo, gizon bat. Gizonak haurra eraman nahi zuen. Nahi dut eta kito, oihukatzen zuen. Erdiz nirea da. Jende horren auzokide batek kontatu zidan; behatxulotik zelatatzen zituen, eta, koldar halakoa, ez zuen deus egin. Haurra ederki irabazia daukat, esaten zuen gizonak, gauero jaikitzen naiz loaraztera, edo goizero altxatzen naiz biberoia ematera, edo arratsaldero jolasten naiz berarekin pixka bat. Eta zuk, ze ostia egin duzu ba?