Elikadura-eredu jasangarri baterantz

Jaten dugunak klima-aldaketa areagotzen edo arintzen lagun dezake. Gaia ez da berria, eta asko dira esaten dutenak larrialdi klimatikoari benetan aurre egin nahi badiogu haragiaren kontsumoa murriztu behar dugula.

Elikadura eredu jasangarri baterantz eman beharreko pausoak zeintzuk diren jakin nahi baduzu, entzun Marijo Imaz nekazaritza-ingeniariak dioena.

Iñaki Leturia kazetariak elkarrizketatu du ETB 1eko Teknopolis saioan (bideoa ikusteko klikatu hemen).

 

Irudia: Wikipedia Commons

Hiztegi lagungarria

Negutegi-efektuko gasen % 14 ganaduak isuritako metanotik dator. Ganaduak botatzen duen, aireratzen duen metanotik, hain zuzen.
Klima-larrialdia areagotzen edo arintzen lagun dezake. Klima-larrialdia handiagotzen edo leuntzen lagun dezake.
Elikadura-eredu jasangarria. Elikadura-eredu iraunkorra ere esaten zaio.  
Haragitarako behiak. Berariaz beraien haragia saltzeko hazten dira behiak. Beste batzuk, adibidez, esne-behiak dira. 
Okelaz harago, gaiak badu bere garrantzia. Okelaren kontsumoaz gain, gaiak baditu beste alderdi garrantzitsu batzuk ere.
Berebiziko garrantzia dauka. Alegia, garrantzi erabatekoa edo oso handia duela. 
Arazoa balio-kate osoan dago. Balio-katea esaten zaio produktu edo zerbitzu bat sortzetik azken kontsumitzaileengana, ekoizpenaren eta entregaren bitarteko faseetatik pasatuz, eramateko beharrezkoak diren jardueren multzoari.
Inguruan ditugun abeltzainak beste eredu baten pean mugitzen dira. Inguruan ditugun abeltzainek beste ekoizpen-eredu baten arabera lan egiten dute.
(Bertan hazten diren abereak) egokituta daude tokiko baldintzetara. Egokituta daude bertako, inguru hurbileko baldintzetara.  
Eredu intentsibo horrek eraldatzen joan behar du. Ganadua hazteko eredu intentsiboak aldatzen joan behar duela, alegia.

 

Transcription:[+] Transcription:[-]
Off ahotsa. Azken urteotan kontzientzia hartu dugu gure eguneroko ekintzek ingurunean duten eraginaz: kontsumitzen dugun energia, sortzen ditugun hondakinak, erabiltzen dugun garraioa… Baina jabetzen al gara gure elikadurak naturan duen inpaktuaz?  
Datu bat. Negutegi-efektuko gasen % 14 ganaduak isuritako metanotik dator. Ahora eramaten dugunak klima-larrialdia areagotzen edo arintzen lagundu dezake. 
Elikadura-eredu jasangarri baterantz eman beharreko pausuak zeintzuk diren jakiteko Marijo Imazekin egin dugu hitzordua. Nekazaritza-ingeniaria da eta lurzoruaren maneiu (erabilera) jasangarrian aditua. Urte askoan Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izandakoa, gaur egun, Ekoizpen Urduña zuzentzen du, trantsizio agroekologikorako udal zerbitzua. 
Iñaki Leturia kazetaria. Orain bai, Marijo. Kaixo, zer moduz? 
Marijo Imaz nekazaritza-ingeniaria. Egun on, bai.
Iñaki Leturia. Figuranteak jarri ditugu. 
Marijo Imaz. Bai. Bai. Bai. 
Iñaki Leturia. Bere posizioan, esango dugu. 
Marijo Imaz. Hori da. 
Iñaki Leturia. Haragitarako behiak dira hauek, ezta Marijo?
Marijo Imaz. Bai. Haragitarakoak. Bai. 
Iñaki Leturia. Ez dakit gaia, ulertuko duten zer esatera goazen, baina a ze polemika, xextra, saltsa sortu zen duela gutxi haragiaren kontsumoak planetari egiten zion kaltearen inguruan, ezta? Okelaz harago, elikadura jasangarriaren gaiak badu bere garrantzia, ezta? Ez dakit oso barneratuta dugun…
Marijo Imaz. Ba berebiziko garrantzia dauka, baina ez daukagu batere barneratuta. Eta bueno, askotan zaila egiten zaigu ulertzen nola ez?, egunero egiten dugun gauza bat, ez?, jatea, eta egunean hainbat alditan, baina gero ez daukagun batere barneratuta gure elikadurak ba gero planeta-mailan daukan eragina. 
Iñaki Leturia. Galdera zuzena bezain konplexua da. Orain dugun elikadura-eredua jasangarria da? Planetari kalte egiten dio jaten dugun moduak?
Marijo Imaz. Bueno, bai edo ez esatea erraza ez da. Ze(ren) azken finean ba bueno, planetan ere, ba bueno, elikatzeko eredu diferenteak aurki ditzakegu, baina orokorrean, eta pixka bat gure herrialdeetara-eta hurbilduta, nik baietz esango nuke, ez? Gure gaur egungo elikatzeko eredua edo gure elikadura-sistema norantz doan, ez?, hori ez dela batere jasangarria planeta kontuan hartuta. 
Iñaki Leturia. Eta beste galdera konplikatu bat. Zergatik?, ez? Hasierara jo behar dugu, ekoizpenera? Ez dakit, kutsadura sortzen du ekoizpenak, urrutiegi ekoizten da? Zein da arazoa? 
Marijo Imaz. Bueno, arazoa balio-kate osoan dago, ez? Ez bakarrik ekoizpenean, baizik eta ekoizpenetik azken kontsumitzailera arte dagoen kate luze horretan, kate luze edo laburrean, ze(ren) kasuz kasu desberdina izango da. Kate osoan sortzen dira arazoak, eta askotan, ereduaren arabera, ba ekoizpenean ez dira hainbeste sortuko beste pausuetan bezala, ez? Baina ekoizpenean ere sortzen dira, noski. Nekazaritza giza aktibitate bat den heinean, ba bueno, modu jasangarri batean ez baldin badugu egiten arazoak sortzen ditu. 
Iñaki Leturia. Grabatzen hasi aurretik esan duzu hemen haragi-ekoizle asko ez daudela oso gustura sortu den polemikarekin, ezta?
Marijo Imaz. Ez. Ze(ren) haragi-ekoizpen guztia zaku berdinean sartzen da, ez? Eta hor ba eredu ezberdinak daude, ez? Badago eredu industrial bat, ez?, haragia ekoizten da eta animalia horiek elikatzen dira urrunean sortutako edo ekoiztutako lehengai batzuekin, soia eta beste proteina batzuekin. Animalia horiek ez dituzte animalien ongizate-neurriak, bueno, beteko dituzte baina bueno, hor ere dudan dago, ez?: ukuilu barruan egoten dira… Arazoak sortzen ditu, hor hondakin asko sortzen direlako, eta gero hurbilean ez daukate nekazal lurrik (nekazaritza-lurrik) hori dena absorbatzeko. Eta orduan, bueno ba, haragi-ekoizpen eredu horrek arazo asko sortzen ditu. Baina gure inguruan ditugun abeltzainak beste eredu baten pean edo mugitzen dira.
Iñaki Leturia. Hauek, adibidez. 
Marijo Imaz. Hori da. Bueno, larrez elikatzen dira, edo baserritarrek ekoiztutako ba beste labore batzuekin… Azkenean, baserrian beti ikusten dira kontsumitzailearentzako, pertsonentzako, familientzako elikagaiak eta bai animalientzako. Eta nolabait paisaia batean txertatuta daude, eta, eta arrazak ere egokituta daude tokiko baldintzetara. Orduan, klabeak edo gakoak beste batzuk dira, ezta? 
Iñaki Leturia. Betiko eztabaida, ezta?: intentsiboa, estentsiboa… Euskal Herrian zer dugu gehiago gaur egun?
Marijo Imaz. Bueno ba, lurrari lotutako baserritar-eredu hori galtzen doa ez?, pixkanaka-pixkanaka. Eta nolabait irabazle eredu intentsibo hori izaten ari da. Baina eredu intentsibo horrek ere nolabait eraldatzen joan behar du, benetan klima hoztuko duen nekazaritza-sistema bat nahi baldin badugu. Orduan, bidea bakarra da eta alternatiba bakarra: lurrari loturiko ekoizpen-sistema eta sintesi bidez, bueno, ekoiztutako produktuak erabili gabekoa. 
Iñaki Leturia. Euskal Herriko, Euskal Autonomia Erkidegoko 3 milioi biztanleak elikatzeko modua izango luke zuk proposatzen duzun sistemak? 
Marijo Imaz. Bai. Bueno, aber, gure errealitatea ba bueno, batez ere bailara txikienetan, ba bueno, ez ditugu nekazal lursail (nekazaritza-lursail) handiak eta egia da, bertako baserritarrek bolumenean ez dutela, ezin dutela nolabait konpetitu beste eskualde batzuekin eta beste estatu batzuekin. Baina badaukate konpetibitate (lehiakortasun) oso garrantzitsu bat bertako populazioa elikatzean, ez?, eta lurrari lotutako eredu horiek garatzean. Orduan, nolabait, modu erraz batean ulertzeko, ingurumenarentzako ona dena gure osasunarentzako, gizakiaren osasunarentzako, ona da, eta baserritarrentzako aukerak sortzen ditu. Eske (Izan ere), orduan, lurrari lotutako ekoizpena errentagarria da gure baserritarrentzako. Eredu industriala da errentagarri ez dena ez daukatelako, ez dutelako maneiatzen lursail nahikoa ba mundu horretan konpetitiboak izateko. 
Iñaki Leturia. Jakin nahiko nuke zure iritzia askotan errepikatzen den topiko honen inguruan, ezta? Guzti, mundu guztia, planeta osoak jango balitu barazkiak, jatorri begetaleko elikagaiak eta haragia albo batera utzi, orduan bai, orduan planeta salbatuko genuke. Zenbateraino da egia? Edo horren atzean zenbaterainoko errealitatea dago? 
Marijo Imaz. Bueno, nire ustez momentu honetan gertatzen ari dena da elikaduraren homogeneizazio bat, ez? Eta denak ari gara animalia-jatorriko proteina asko kontsumitzen, ez? Hori erabat desagertu eta denok bueltatuko, o sea, edo bilakatuko bagina barazkijale, seguru arazoak ere sortuko liratekeela. Planetan zehar, herrialde ezberdinetan zehar, bakoitzak bere elikadura-eredua baldin badauka, eredua baino gehiago bere elikadura-ohiturak, eta bere elikadura tokiko ekoizpenetan oinarrituta baldin badago, zerbaitengatik izango da, ez?
Azkenean, nutrizionistek diote ba gure elikadura jasangarri izateko kontsumitu behar ditugula barazkiak, zerealak, proteina… Proteina horren jatorria izango da animaliena edo lekaleena, herriz herri aldatzen joango da dituen ekoizpen-baldintzen arabera baita ere. Orduan, nire ustez arazoa da planetaren homogeneizazioa, ez?, kontsumoaren homogeneizazioa.
Iñaki Leturia. Aipatu duzun katea, balio-kate horrek katebegi gehiago ditu: eraldaketa, garraioa… Garraioarena ikaragarria da, ezta? 
Marijo Imaz. Bai. Bueno, hor nolabait, askotan ekoizpena jartzen dugu lehenengo puntuan eta kontsumoa, elikadura bukaeran. Eta askotan igual pentsatu, birpentsatu beharko genuke nolakoa izan behar duen gure elikadurak, ez? Definitu beharko genuke guretzako, gure, gure  errealitaterako eta gure lurralderako ohiturak eta, eta bueno pues, ingurunea kontuan edukita, zer den guretzako elikadura jasangarri bat, eta horren arabera planifikatu beharko genuke baita ere ekoizpena, ez? 
Iñaki Leturia. Ez dakit. Nire irudipena izango da beharbada. Baina ez dakit, sardexkarekin hartzen dugun elikagai hori eta ahora eramaten dugunean ez ote den kontsumitzailean ardura handiegia jartzen, eta ez beste katebegi horietan, ezta?
Marijo Imaz. Bai. Denek daukate azkenean pisua, baina, baina klaro, kontsumitzaileak ardura baino gehiago eduki dezakeena da nolabaiteko, nolabait esateko, boterea hori ere aldatu ahal izateko. Nik uste dut kontsumitzaileak barneratu behar duela elikadura-sistema jasangarri bat edukitzeko ahalik eta elikagai fresko gehien kontsumitu behar ditugula, eraldatze-prozesu txikienak, ze(ren) horrek ere energia kontsumitzen du eta arazoak sortzen ditu, eta ahalik eta hurbilenean lortutakoak edo erositakoak, ez?, hor dagoelako baita ere garraioaren inpaktua. 
Iñaki Leturia. Planetak badu esperantza? 
Marijo Imaz. Bai. Bai. Bai. Gure esku dago esperantza hori. Guk eman behar dugu aldaketa, eta hori, bueno ba, zaila da beste dinamika batzuetan mugitzen garelako, ez?, eta, eta ez dakit, olatu nagusia oso indartsua da eta horrek eramaten gaitu, ez?, baina alternatibak badaude eta sinistu behar dugu posible dela beste modu batera elikatzea, funtzionatzea, eta horrek eragina daukala baita ere nekazaritzan, ez? Askotan ardura gehiegi botatzen zaio, edo erru gehiegi botatzen zaio, nekazaritzari, abeltzaintzari, ez? Eta nik uste dut beraiek ere biktima badirela eta gauzak ondo egin nahi dituztela, ez?, baina horretarako gizarte osoaren laguntza behar dute.
Iñaki Leturia. Ederki ba, Marijo, eskerrik asko, eta eskerrik asko zuei ere.
C1
05-25-2022
29448742
00:09:50
680