Ortografia-akatsak mezuetan

Ligatzeko oztopo al dira ortografia-akatsak? Badirudi, batzuentzat garrantzitsua dela zuzen idaztea.

Ligatzeko aplikazioetan egiten diren ortografia-akatsek badirudi ez dutela eragin bera emakumezkoen eta gizonezkoen artean.

 

 

 

Hiztegi lagungarria:

Juntadizoetarako geratu-ezina (aipatu dugu). Elkartzeko, geratzeko ezintasuna 

Egin diote uko zita bati. Zita bat bertan behera utzi. Ezetza eman. Uko egin aditzak nori kasua eskatzen du: hitzorduari uko egin, eskaintzari uko egin... 

Komeriak! Arazoak, alegia.  

Bete-betean asmatu. Erabat, guztiz asmatu.  

Bat egiten du emaitzekin. Zerbaitekin bat etorri, kointziditu. Adibidez: bat egin du zuk esandakoarekin, iritzi guztiekin… 

Tokian tokiko aldaera. Leku bakoitzean bertako hizkera edo hizkuntz aldaera 

Erreparatzen diogu ortografiari. Arreta jarri ortografiari. Erreparatu aditzak zeri edo nori eskatzen du.  

Ametitzeko modukoa da. Onartzeko modukoa da. 

Egoeraren arabera. Egoera aintzat hartuta.  

Soslaia bakoitza gainbegiratu. Profil edo perfil bakoitza errepasatu.  

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Nagore Telleria esataria. Aipatu izan dugu zuekin sexu-gosea, pandemikoa alegia; juntadizoetarako geratu-ezina eta sareko topalekuen gorakada.  

Aste honetan aurkeztu dute Tinderren Ligatzea izeneko ikerketa. Alacanteko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko linguistika saileko bi irakaslek egin dute azterketa, María del Carmen Méndez eta Ester Linares dira. Eta jendeak idazteko duen modua ligatzeko aukerarekin duen lotura aztertzen ari dira. Oraindik ez dute erabat beren ikerketa amaitu baina aurreneko ondorioen berri eman dute.  

Ortografia-akatsa kalabaza jasotzeko bide motzena da askotan. 256 mostra hartu dituzte eta ikusi dute emakumeen artean % 82k ez duela ezer jakin nahi akats ortografikoak egiten dituenarekin. Eta gizonen artean, berriz, baxuagoa da hizkuntza-eskakizuna: % 42k egin diote uko zita bati akats ortografikoengatik.  

Gorka Peñagarikano  lankideak Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen artean egin du galdera: Ortografiagatik esan al diozu norbaiti ezetz ligatzeko sare sozialetan?   

Gorka Peñagarikano kazetaria. Norbaitekin sare sozialetatik ligatzen ari bazara,  edo ligatzen saiatzen ari bazara, garrantzia ematen diozu beste pertsonaren ortografiari?

Ikaslea 1. Bai. Bastante. O sea, (alegia) nik uste hor ikusten dela aber (ea) ikasten duen edo zer egiten duen bere bizitzarekin, no? (ez?)

Ikaslea 2. Ez.  

Ikaslea 3. Bueno, normalean ez dut batere-batere ligatzen. Orduan, ez naiz fijatzen ortografian…

Ikaslea 4. Ba bai, ez? Ze(ren) azkenean ez baldin badu ondo idazten, eta hola, ez baldin bada ondo komunikatzen… Ze(ren) ez dakit, eta gero igual pertsonalki ondo hitz egiten du, baina idatzi, ez badaki idazten… Ba bai… Garrantzia ematen diot

Ikaslea 5. E, ez! Ez. Ez. Ez.  

Ikaslea 6. Bai. Ze(ren) euskaraz ez badaki oso ondo hitz egiten, komeriak! Bai.

Ikaslea 7. Ez.  

Ikaslea 8. Honbre (Bueno) nik uste dut atzeraka egingo zidala! Egia da z-ak eta s-ak leku askotan aldatzen dituztela, ze(ren) igual ez dela ortografia-akats bat si no que (baizik) beraiek hala hitz egiten dutela normalean. Ze(ren) nik idazten baldin badut interneten, idazten dut askotan nik hitz egiten dudan bezala, ez benetan idatzi beharko litzatekeen bezala.  

Ikaslea 9. Adibidez, euskaran, bere euskalkian hitz egiteagatik, ez. O sea, batuan, ez dut kontatzen. Edo, adibidez, h batzuk edo, bai.  

Ikaslea 10. Hori da. H-ek askotan atzera botatzen dute. Bai.

Gorka Peñagarikano. Primeran. Eskerrik asko. Ondo izan.   

Nagore Telleria. Zer iruditzen zaizue, Ana, Jon?

Ana. Kale-inkestak bete-betean asmatu duela.  

Nagore Telleria. Bai. Bat egiten du emaitzekin. Bai.  

Ana. Bai, ezta? Ni bat nator hor neska batzuek esaten zuten horrekin, ez? Nik uste dut ohituak gaudela sare sozialetan eta whatsapp-en eta halakoetan idazten, ez batuaz, baizik eta bakoitzaren tokian tokiko aldaera, ez? Eta hori ez dugula interpretatzen akats ortografiko bezala, eta beraz, ez digula atzeraka ematen, baina h-ak behar ez duten lekuan, b eta v eta halakoak, horiek begietako mina, bai.  

Jon. Eta gero, askotan erreparatzen diogu ortografiari, baina puntuazioari erreparatuz gero, ez dakit nork, nork ligatuko lukeen inkesta ikusita.  

Nagore Telleria. Zuek pasatuko al zenukete marra gorria? Ergatiboa erabiltzen ez duen norbait ametitzeko modukoa da?  

Ana. Uf! Izan beharko luke atzetik aitzakia on bat, euskaltegian hasiberri edo halakoren bat. Bestela, ez.  

Esataria. Zuk, Jon?

Jon. Ez dakit zer esan, egoeraren arabera. Segun: ez dakit, ez dakit. Nahiago dut ez erantzun.  

Nagore Telleria. Kaixo Maitian (online harremanak, ligeak…) galdera egitea pentsatu dugu. Iñigo Arandia, kaixo, egun on.  

Iñigo Arandia. Kaixo Maitiako arduraduna. Kaixo, egun on, Nagore.  

Nagore Telleria. Zuk, jendeak zer idazten duen eta ikusita, zer esango zenuke? Hain erabakigarria al da euskaraz idazteko orduan?

Iñigo Arandia. Bueno, badirudi baietz, ez? Ze(ren) ez dakit, esaten duen bezala, inkesta honek esaten duen bezala, ikerketa honek esaten duen bezala. Nik, egia esan, ez daukat hori jakiteko aukerarik. Ez dut galdetu. Guk, e, ba bueno, soslaia bakoitza gainbegiratzen dugu, deskribapenak eta, beraien deskribapena eta guzti hori, eta bai, bai ikusten ditugu zenbaitetan akatsak, bai tipografikoak bai ortografikoak, bai denetarikoak, ez? Eta, eta bueno, batzuetan tentazioa ere izaten dugu horiek zuzentzeko, baina… Eta agian, gehiago zuzendu beharko genituzke hemendik aurrera, jakinda arrakasta gehiago izaten dutela horiek. Ez dakit. Ikusiko dugu. 

C1
06-14-2021
28347660
00:04:23
1883