Jean Piaget

Psikologo suitzarra (1896-1980) Neuchâtel herrian jaio zen, 1896ko abuztuaren 9an eta bertan hil zen, 1980ko irailaren 16an.

Gure artean haur-psikologo gisa ezagutua izan bazen ere, biologo eta filosofo ere bazen Jean Piaget.
Piaget haurraren psikologiari buruzko ikerketengatik da ezaguna bereziki eta alor honetan bere metodoa originala da eta helburuak, berriz, zabalak.

Piaget haurraren ikuspuntua ulertzen eta aztertzen saiatu zen, helduen gizarte-arauak eta ideiak gaindituz.
Berak erakutsi zuenez, haurraren jarduera psikikoan ia ezer ez dago estatiko eta funtsezkoak diren nozio batzuk, hala nola, denbora, espazioa, erlazioa eta kausalitatea, haurrak bere lehen urteetan izandako esperientziaren emaitza dira.
Piagetek frogatu zuen haurraren lehen urteetako keinuetan dutela oinarria helduaren nortasuna osatzen duten elementuek. 

Piageten ustez, ikasle bat ona ala txarra izatea eskolan erabiltzen den metodologiari egokitzeko duen gaitasunaren baitan dago, askotan. Ikasgai batzuetan txartzat hartzen diren ikasle batzuk, gainditu zitzaketen arazoak bere ikasprozesuan beste bide batetik eraman izan balituzte. Umeek askotan ulertzen ez dutena ez baita ikasgaia, baizik eta ikasgai hori nola irakasten zaien. Honela, zenbaitetan ulertezina bihurtuko da ikasle-irakaslearen arteko elkarrizketa, helduak gaiak azaltzeko erabiltzen dituen moduak ez baititu ulertzen haurrak.

Zenbat eta gazteagoa izan haurra, irakaskuntza zailagoa da eta etorkizunerako ondorioak erakarriko ditu.
Piageten pentsamendua aitzindaritzat jo dezakegu arrazoi askorengatik eta bere obra XX. mendeko altxorrik baliozkoenetakoa da zalantzarik gabe.

 

C1
09-09-2000
16175108
2012