Grace Murray: ordenagailuekin hizketan
Grace Murray zientzialariak, besteak beste, nominak kalkulatzeko historiako lehen konpiladorea sortu zuen eta, horrez gain, ordenagailuen lengoaia garatu izanagatik ere ezaguna da.
June Grace Murray Hopper estatubatuar zientzialari eta militar ospetsua izan zen (New York, 1906ko abenduaren 9a- Arlington konderria, 1992ko urtarrilaren 1a).
Hopperrek emakumeentzako hainbat eskola pribatutan ikasi zuen, eta 1924an New Yorkeko Vassar Collegen sartu zen. Bertan matematika eta fisika ikasi eta 1928an ohorez graduatu zen.
Ikasketak Yalen jarraitu zituen eta han matematika-doktoretza eskuratu zuen 1934an. Konputazio zientzien munduan aitzindaria izan zen, programazio lengoaietatik independentea zen makina baten ideia zabaldu baitzuen eta izugarrizko eragina izan zuen COBOLaren garapenean ere (gaur egun oraindik ere erabiltzen den programazio lengoaia).
1952an, nominak kalkulatzeko A-0 izeneko historiako lehen konpiladorea garatu zuen.
Horrez gain, Hopperrek ingelesezko aginduak erabiliko zituen programazio lengoaia bat sor zitekeela pentsatu zuen eta, hala, COBOL garatzeko oinarriak ezarri zituen. Bi urte beranduago, hizkuntza hori diseinatu zuen batzordea sortu zen. Hala, "COBOL amona" ezizenez ere ezaguna da.
Zientzialari izatearekin batera, karrera militarra ere egin zuen. 1983an Kontralmirante mailara igo zen eta 1986an Armadatik behin betiko erretiratu zen, une horretan Estatu Batuetako armadako ofizial zaharrena izanik. Erretiratu ondoren, Digital Equipment Corporationeko aholkulari gisa sartu zen, foro industrialetan parte hartuz, urtean 200 hitzaldi inguru emanez eta hil arte hezkuntza-programetan parte hartuz.
Laurogeita bost urte zituela ohore militar guztiekin lurperatu zuten 1992ko urtarrilaren 7an Arlingtongo hilerri nazionalean.
Iturria: Aurrera aldizkaria (moldatua)
Irudia: PDM 1.0