Bisurtea eta otsailaren 29a

Urte batek normalean 365 egun ditu. Baina beste batzuek 366 dituzte, bat gehiago. Aurtengo urteak 366 egun ditu, otsailak 29 egun dituelako eta ez 28: urte bisurte edo bisiestoa da, beraz, 2020a.

Bisurtea urte luzeagoa da, berezia hortaz, eta berezia denez, bitxikeriak daude urte-mota horri lotuta, esaera zaharrak, sineskeriak… Astronomiak ekarri digu bisurtea; beraz, zientzia ere badabil tartean. Hona hainbat datu eta bitxikeria.  

Bisurtea jarri, bisurtea kendu  

Bisurteari esker, egutegia hobea da: nahikoa zehatz adierazten du Lur planetak zenbat denbora behar duen Eguzkiaren inguruan orbita bat marrazteko, eta noiz den udaberriko ekinokzioa. Horren ondoriozkoak dira, gero, beste erabaki batzuk; adibidez, Elizak ekinokzio horren arabera erabakitzen du noiz den Aste Santua.  

Bisurteak zenbait informazio ematen digu, besteak beste, Lur planetari buruz.

Beraz, gizakiak behi nahi izan du egutegi zehatza izan. Erromatarrak hasi ziren orbitarena serio hartzen, K.a.-tik I. mendean. Aurreko egutegiek desfase handi samarra zuten astroekiko. Desfase horiek desagertzeko, bisurtea proposatu zuen Sosigenes astronomoak, baina bere kalkuluek bisurte gehiegi sortu zituzten. Gregorio XIII.a aita santuak eta Christopher Clavius astronomoak bukatu zuten desfaseekin, XVI. mendean: orduan erabaki zuten hainbat bisurte kendu egin behar zirela. Beraz, orduko erabakien ondorio da gaur dugun egutegia.

Hainbat kontu bitxi  

  • Bisurtea izan zen 1504. urtea. Kristobal Kolon eta Jamaikako biztanleak haserre zebiltzan urte-hasieran: ez ziren ondo konpontzen. Kolonek bazekien otsailaren 29an ilargi-eklipsearekin ilargia gorrituko zela, eta mehatxu egin zien berak gorrituko zuela. Eklipsean ilargia gorritu zenean, Kolonekin ikaratu egin ziren, eta harremanak hobetu zituzten.
  • Ingelesez leap year da bisurtea, salto-urtea alegia, eta otsailaren 29a leap day: otsailaren 29an jaiotakoei saltariak esaten diete.
  • Googlek igel jauzilariak dituen doodle irudia jartzen du otsailaren 29an. 2012an Rossiniren 220. urtebetetzea ere bazenez, irudiko igelek opera bateko antzezleak irudikatzen zituzten: Sevillako bizarginakoak.

Googlek igel saltarien doodle irudiak jartzen ditu otsailaren 29an.

  • Otsailaren 29an jaiotakoak noiz du urtebetetzea bisurtea ez den urtean? Jolaserako polita izan daiteke esatea: “Nik ez ditut urteak urtero betetzen”. Baina legeak zer dio? Espainiako Kode Zibilak esaten du otsailaren 29an jaiotakoak bezperan betetzen dituela urteak urte ez-bisurtean. Eta Taiwanen, adibidez, otsailaren 29an jaiotako umeari jaioteguna aldatzen diote, eta erregistroan jartzen diote otsailaren 28an jaio dela.
  • Otsaileko azken egunean Gaixotasun Arraroen Eguna ospatzen da mundu osoan, beraz, aurten otsailaren 29an da.  

Bisurteak fama ona ala txarra?

  • Kultura batzuek ez dute bisurtea maite. Sinesteez ari gara, ez zientziaz. Euskarazko atsotitz batek dio: Urte bisistua, luzea eta latza. Eta beste honek: Urte bixiste, aharra urte. “Aharra” xextra da, haserrealdia, kalapita. Gaztelaniazko errefrau batek, adibidez, esaten du jendeak gosea pasako duela bisurtean, edo izurritea izango dela. Baina beste errefrau batzuek ume-urtea izango dela ere esaten dute.

Badira zenbait bitxikeria eta sineskeria otsailaren 29ari lotuta.

  • Otsailaren 29an jaiotzea ez da txantxa. Munduan ia 5 milioi lagun dira: teknologiak asko hobetu du kontua, baina oraindik ere hainbat polizak, ofimatika-programak eta bizitza-aseguruk ez dute egun hori onartzen: ez dago laukitxorik otsailaren 29a markatzeko.
  • Irlandan, gobernuak otsailaren 29an jaiotako umeen gurasoei 100 euro ematen dizkie. Egun hori “ezkongabeen eguna” bezala ere ezagutzen dute.
  • Otsailaren 29an jaiotakoek ospatu egiten dute egun hori: Texasen Anthony herria Bisurtetarren Munduko Hiriburu izendatu dute: lau eguneko festibala egiten dute.


B1
02-14-2020
21520934
38864