Deklamazioaren inguruan

Pertsona askok hitz egiten dute jendearen aurrean, beste batzuen artean: irakasleek, politikariek eta kazetariek. Hauetako batzuek berezko dohainak dauzkate, baina gehienek diote ikasi egin daitekeela jendaurrean hitz egiten. Esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateak jendaurrean ondo hitz egiteko ikastaroak antolatu ditu udako ikastaroen barruan, azkeneko urteetan. Teknika horiek Grezia eta Erroma klasikoen garaian ere irakasten zituzten.

Zizeron Erromako hizlaririk ospetsuenetakoa izan zen eta deklamazioaren teknika menderatzen zuen. Erroma eta Grezia klasikoan hasi zen Europako deklamazioa.

 

Deklamazioa definitzea zaila da. Aditu batzuek diotenez, publikoaren aurrean hitz egitea da deklamatzea. Beste batzuek uste dute poesiak irakurtzea dela. Eta bada pentsatzen duenik antzerkian hitz egitea dela deklamatzea. Hiru definizio horiek dira zuzenak, eta hirurak lotuta daude.

Deklamatzen ikasteko eskolak
Aktoreek ere erabiltzen dute deklamazioa. Hori dela eta, teknika horiek garrantzi handia daukate beraien heziketan. Lierni Fresnedo antzezlea eta antzezleen irakaslea da. Donostiako TAE (Arte Eszenikoen Tailerra) zentroan ematen ditu eskolak, eta berarentzat oso garrantzitsua da deklamazioa. 

Fresnedok deskribatu egin du eskolan deklamazioaren inguruan egiten duten lana. “Hizkuntza, kasu honetan euskara, naturaltasun handiarekin esatea, ulertzea eta transmititzea jorratzen dugu”. Hizkuntzaren ahoskera-arauak erakusten dizkiete ikasleei.

Urrutira irits daiteke irakasteko garaian. Hain zuzen ere, hainbat pertsona iritsi dira euskaraz antzeztera eta deklamatzera hizkuntza horretan hitz egiten jakin gabe. Fresnedok hau argitu du. “Ikasle batzuek ez dute tutik ere ulertzen euskara; baina lana eginez gero, posible da euskara ondo esatea eta jendeak ondo ulertzea”. Deklamazioaren helburua da antzezleek esandakoa jendeak ondo ulertzea.

Egoki deklamatzeko, gorputza kontrolatu behar dela uste du antzerki-irakasleak. Fresnedok ahotsaren osagaiak deskribatu ditu: “haizea, artikulazioa eta proiekzioa” menderatu behar dira. Baina hori ez da nahikoa. Irakasleak jarraitu du azaltzen: “aktoreak, batez ere, ondo bereganatu behar ditu hizkuntza eta esan nahi duena”. Ander Lipus aktoreak primeran betetzen ditu aurreko arau guztiak. “Horretan espezialista da”, zehaztu du Fresnedok. “Batzuek arlo psikologikora daramate deklamazioa, ez Ander Lipusen moduan, berak gorputza asko erabiltzen du. Bere kasuan deklamazioa fisikoa da, haragia...”.

Deklamatzea eta errezitatzea
Tradizionalki, poesiarekin lotu da deklamazioa. Irakasleak uste du aktoreek ondo egiten dutela lan hori, eta poetek ere ondo egin dezaketela. “Beraiek dakite ondoen nola deklamatu, beraiek dakitelako testuek zer esan nahi duten”.

Poesiak ozen esateari deitzen zaio errezitatzea. Hala ere, hainbat poetak deklamazio-hitza nahiago dute, antzezpenak testua hobeto azaltzen laguntzen duelako. “Nik egiten dudana gertuago dago deklamatzetik errezitatzetik baino”, azaldu du Ander Poetaipuntok. Artista honek Poetaipunto ezizena erabiltzen du jendaurrean dagoenean, paper bat jokatzen duelako. Berak azaldu duenez, “ni Clark Kent baldin banaiz, Poetaipunto Superman da”. Horregatik ezkutatzen du benetako abizena. Hala ere, Poetaipuntok aitortu du poeta batentzat “agertokira irtetea eta bere testua defendatzea” dela deklamazioa. 

Poeta gazteak antzerkiarekin ere lotzen du bere deklamazioa, “nirea antzerki pixka bat ere bada”. Testuak deklamatzean, gogora ekartzen du olerkien sorrera, eta egoera berriro bizitzen du. Hala ere, poeta honek posible ikusten du puntu horretara iristea beste norbaiten testuekin ere. “Batzuetan, zerbait irakurtzen dudanean, neure burua harrapatzen dut ozen irakurtzen, eta inbidia sentitzen dut, testu hori idaztearen inbidia”.

Poetaipuntok dioenez, dibertigarria da testua deklamatzea. Hala ere, ñabardura egin du, “agian idazteko garaian sufritu dut, baina gero jende aurrean erakusteko garaian dibertitu egiten naiz, ez naizelako momentu hartako pertsona bera”. Deklamazioak poesiari zer ematen dion galdetu diogu egileari, eta berak erantzun du egilea eta hartzailea bertatik bertara egotea desberdina dela. “Testu batzuk bakarka irakurtzen ditugunean, ez dira oso onak, baina entzuleen aurrean irakurrita, gozagarriagoak dira. Beste testu bat irakurriko bazenu bezala. Poesia horri bizia ematea da”. Bestalde, deklamazioak poetei laguntza ematen die. “Testuak bakarka irakurtzean baino errazagoa da ezustea ematea jendeari”.


Zenbait testu beste batzuk baino egokiagoak dira publikoaren aurrean deklamatzeko. Poetaipuntok zehaztu du, “entzuleak lo gelditzea ez dugulako nahi”. Deklamatzean testu bat interesgarria egiteko hainbat baliabide behar dira. Bi nabarmendu ditu poeta honek. “Entzuleen arreta bereganatzeko, ahotsa modulatu egin behar da, eta bat-bateko aldaketak egin behar dira”.

Bideo-grabazioa
Entzun nahi baduzu, hemen duzu Lierni Fresnedori irakasleari egindako elkarrizketaren zati bat.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Berdinak al dira antzerkirako deklamazioa eta poesiaren deklamazioa?
Ez, biak nahiko ezberdin dira, ez? Deklamazioak bai, poesian badu beste erritmo bat, badu beste esateko modu bat. Eta antzerkian izugarri ezberdin dira. Lehen esaten nizun bezala, ez legoke gaizki bien arteko lotura bat, horrela, lortzea. Badutelako bakoitzak bere interesa. Eta horrelako inbestigazio bat egitea bien artekoa ez legoke gaizki, baina oso desberdinak dira bai erritmoaren aldetikan, bai esanahi aldetikan, fraseak ere oso ezberdinak izaten dira estruktura aldetik.
Beraz, bai arnasa, esateko modua, egiteko modua oso ezberdinak dira. Baina, hola, basea esaten baduzu bai artikulazioa, proiekzioa, nola esan, nola sentitu, nola eman publikoari, hizkuntza hitza eta esanahia... hor berdin-berdinak dira.
Poesiak badu beste musikalitate bat, beste tonu bat bezala, eta antzerkiak beste bat, ez? Antzerkian egiten duguna da, pixka bat, gureganatu testuak, normaltasunez, eta gero publikoari eman; gureganatu eta gero nola ematen diogun hori publikoari. Hitzarekin lanean, hizkuntzarekin lanean, hori da guretzat deklamazioa antzerkian.

B2
03-28-2014
  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16343470
00:01:27
6917